DONEZTEBEKO FERIAK

«Doneztebeko Ferietan 300 lagun baino gehiagori ematen diegu otordua»

Ttipi-Ttapa

1973. urtean ireki zuen Santamaria jatetxea Julita Lanaspa Santamariak eta bere bilobek hartu dute orain ardura.

Paula APEZTEGIA LOIARTE Santamaria jatetxea

Santamaria jatetxeko sukaldean eltzea su goxoan ikusi du ttikitatik Paula Apeztegia Loiartek. Orain, bera da Joxe Apeztegia anaiarekin batera su hori piztuta mantentzeaz arduratzen dena. 1973. urtean ireki zuen jatetxea bere amatxik, Julita Lanaspa Santamariak: «40 urte zituela senarra hil zitzaion eta aitzinera egin ahal izateko ireki behar izan zuen jatetxea. Gero, nire gurasoek hartu zuten eta hirugarren belaunaldia gara gu».

Erreleboa hartzeko momentua ailegatu zenean familiako negozioari segida emateko apustua egin zuen: «bertan hazi gara, etxetik jaso dugu. Lanbide gogorra da, baina aunitz ematen dizu bueltan. Pena da jatetxeak ixten ari direla ikustea. Asteburuan atera eta bazkaldu edo tragoxka bat hartzeko tokirik ez dagoela ikustea. Ostatu edo jatetxe batek bizia ematen dio herriari».

Amatxiren oinordetza

Santamaria jatetxeari buruz solasean hasitakoan, behin baino gehiagotan aipatu du Julitaren izena: «amatxi eredua izan da guretzat. Garai haietan etxetik kanpo gizonezkoek bakarrik egiten zuten lan eta, egoerak hala behartuta, bere negozioa martxan jartzeko gai izan zen. Santamaria etxe normal bat zen eta atautxi hil zenean langile batzuei bazkariak ematen hasi eta pixkanaka denborarekin negozioa zabaltzen joan zen». Denborarekin zerbitzua egokitzen joan dira, baina beti izan dute presente bete beharreko premisa bat: «amatxik argi utzi zuen, ez zuela inor gure jatetxetik gosez ateratzea nahi». 

Ferietako menua

Amatxiren errana betetzen dutenaren erakusle da Doneztebeko Ferietan zerbitzatzen duten menua: «betiko menua eta zerbitzatzeko modua mantentzen ditugu. Jendea mahaian jartzen da eta erdira ateratzen ditugu arrain zopa, garbantzuak eta paella. Gero, arraina, legatza eta ajoarrieroa edo txipiroiak eta aukeratzeko txuleta, usoa edo bildots errea. Akitzeko, postrea, kafea eta kopa». Menu bakarra izateak lana errazten duela aipatu du, «bertzela eromena litzateke». Urtean lan gehien izaten duten eguna da, baina berexiena ere badela aitortu du: «jendea kontent dago, giro polita izaten da eta horrek ere laguntzen du. Goizean, feriatik bueltaxka eman, talo bat jan eta gero lanera sartzen gara egun guztirako». 

Aurten ere, jantokia betea izanen dute, «erreserban talde handiak bakarrik hartzen ditugu. Egun horretan hiru txanda ere izaten dira 12:30ean hasi eta 16:30 arte bazkariak eman eta eman aritzen gara; batzuk bildu eta hurrengo txandari tokia eginez. 300 lagun baino gehiagori ematen diegu otordua». 

«Feria Egunean hiru txanda ere izaten dira. 12:30ean hasi eta 16:30 arte, bazkariak eman eta eman aritzen gara» 

Feria Eguneko giroa

Ez dute atsedenerako tarte aunitzik izaten, baina giroa nolabait bizi dute: «Feria Egunaren argazkia ateratzen dugu gure jangelan. Eguneko plana egin dutenak eta gauean bestara etortzen direnak, denak pasatzen dira jatetxetik. Eguerdian, aziendak ikustera,  postuetatik bueltaxka ematera... etortzen den jendea izaten dugu, batez ere, adinekoak eta gauean,  bestara etortzen diren gazteak. Egunaz gozatzeko bi moduak ikus ditzakegu». Argi du, «batzuk besta egiteko bertzeek lan egin beharra izaten dutela, baina umorez hartu eta giro onean aritzen gara. Lantaldea osatua, talde polita dugu eta horrek ere laguntzen du».

Aitzinetik egin beharreko lanak

Feria Eguna mugitua bada, aitzineko asteak ere ez dira lasaiak izaten: «Ferien aitzineko astean topera ibiltzen gara. Erosketak egin, dena antolatu...». Aitortu du beti izaten dela kezka puntu bat: «jende kopurua kopurua kontuan izanda, denentzat jateko aski izanen ote den kalkulatu...». Halakoetan, amatxiren koadernoetara jotzen dutela kontatu du: «amatxik koadernoan dena idatziz uzteko ohitura zuen. Feria Eguna bereziki gustuko zuen eta informazio pila bat du bildua. Zenbat garbantzu kilo behar diren, zenbat arrain kilo… eta egun bakoitzean zenbat jende aritu zen lanean ere idazten zuen. Sekretu guztiak hortxe ditu gordeak». Hainbertzeko fama duten jakien errezetak ere ez dakigu bertan bilduak izanen dituen: «garbantzuak, usoa… betiko jana da guk eskaintzen duguna. Eltzean eta su goxoan prestatzen dena».

Garai bateko errezetak oinarri hartuta, garai berrietara egokitzen ere asmatu dute: «catering zerbitzua eskaintzen dugu eta udan herriz herri ibili gara herriko bestetan». Egunean bi zerbitzu eskaintzen dituzte, «jende kopuru handiari erantzuteko gai gara eta jatetxe edo ostaturik ez dagoen tokira zerbitzu hori eramateko modua ere badela ikusi dugu». Datozen hilabeteetan ere ez dute atsedenik izanen, «urteurren eta enpresa bazkariak, inauteriak…». 

Amatxiren errana betetzen segiko dute, sabelak jaki goxoz betez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun