DONEZTEBEKO FERIAK

«Bezeroekin zuzeneko hartu-emana izateko aukera polita ematen dute feriek»

Ttipi-Ttapa

Agricola Bidasoako lantaldea.

Imanol KEREJETA AGIRRE Agricola bidasoa

Aitaren pausoei segika hartu zuen Imanol Kerejeta Agirrek Agricola Bidasoa enpresaren ardura: «Nire aita 2024an zendu zen eta 45 urte egin zituen hemen lanean. Familiako bigarren belaunaldia naiz negozio honetan eta Josune arrebak ere bertan egiten du lan». Traktore kontuak txikitatik aditu izan ditu etxean Kerejetak eta miresmenez oroitzen ditu bere aitari entzundako istorioak: «Agria markako traktore pila bat saldu zituen Bidasoa bailaran. Urterik hoberenak harrapatu zituen. Kontatzen zuen anekdota bezala hamabost egunero izaten zela feria eta bi traktorerekin joan eta biak  saltzen zituela. Kontuak atera...horrek esan nahi du astero traktore bat saltzen zuela». 80. hamarkadan izan ziren urterik hoberenak, eta «gaur egun hori utopia» bat dela azaldu du: «bizimodua aldatu da eta guk ere momentuko eskaeretara egokitu dugu gure eskaintza».

Enpresaren norabidea eta kokalekua aldatzea eragin zuen horrek: «Irungo erdialdean genuen tailerra eta 2011.urtean hiriko kanpoko aldera ateratzeko apustua egin genuen. Marka berri batzuekin hasi ginen lanean eta hor hasi zen pixkanaka gure enpresa  handitzeko prozesua». Gaur egun bi arlotan ari dira lanean:  «lorezaintzako eta nekazaritzako tresneria saldu eta konpontzen dugu». 

Ez zaie lanik falta, «sasia eta zikina ez da jaiotzez gelditzen. Aurten ere idortea izan dugu, baina belar txarra behetik gora doa. Mendia eta ingurua garbi ikusi nahi duenak makinarian gastatzea beste erremediorik ez du». Bide horretan ari dira lanean, «teknologia erritmo bizian doa eta makina berri gehiago, lorategiko robotak, traktoreetan ere iraultza… gertatzen ari da. Lorezaintzarako tresnerian: Stihl, Grillo eta Toro marken zerbitzu ofiziala gara. Eta nekazaritzako makinarian Kioti, Solis, Dimago, Agrator...». Aipatu du azken urteetan lorezaintzako produktuen eskaerak nabarmen egin duela gora, «baina inguruan askok erretiroa hartu eta erreleborik ez dagoenez, traktoreen kontzesionario gutxiago daude eta horretan ere, lan karga handiagoa dugu».

Feriaz feria 
Agenda estu izan arren, baditu egutegian gorriz seinalatutako egunak «Elizondo, Doneztebe eta Lesakako udazkeneko ferietara urtero joaten gara, baita udaberriko ferietara ere». Ferietako giroa gustuko duela aitortu du Kerejetak: «Bezeroekin zuzeneko hartu-emana izateko aukera polita ematen dute feriek. Jende asko etortzen da ikusmiran eta makinaria berria erakusteko aukera ona izaten da. Gero oroitzen dira, makina hura ikusi zutela Donezteben maldan lanean eta informazio eske etortzen dira». Ez hori bakarrik: «bat baino gehiago izaten dira nirekin solasean hasita aspaldian traktorearen azterketa egin gabe dutela oroitzen direnak. 'Imanol hiru urte daramatzat traktorearen azterketa egin gabe, apuntatu eta esan mekanikoari etortzeko'. Horrelako gauzak ferietan pasatzen dira».

Luzera begira

Garai bateko salmenta handiak egiten ez dituzten arren, «luzera begira lan egiteko» aukera ematen dute feriek: «makinaria handia erosi nahi duenak badaki nora etorri eta ez da feria egunaren esperoan egoten, baina salmenta ttikiagoak egiteko baliagarria izaten da». Adibidea ere eman du: «lehenbiziko Grillo 4x4 desbrozadora sartu genuenean jendeak esaten zuen horrek ez du ezertarako balio, baina gero Donezteben ikusi zutenean aldapan lanean… bakarren bat animatu zen erostera eta urteetan poderioz ikusten duzu zabaltzen doala. Ahoz ahokoa da hobekien funtzionatzen duena, eta bizilagunari ongi funtzionatzen diola ikustea». 

«Edozein arazo, zalantza... baldin badute norbait dute beste aldean. Zerbitzu pertsonalizatua eskaintzen diegu bezeroei»

Berrikuntza
Etengabe berritzen ari den sektorea da beraiena: «Batez ere lorezaintzan, aurten izugarrizko iraultza gertatu da lorategiko robotetan. Duela urte batzuk pentsaezinak ziren gauzak egiteko gai dira orain». Hori dela eta, garrantzia handia ematen diote formazioari: «zortzi pertsona gaude lantokian eta urtean astebete pasatzen dugu formazioetan. Ezinbestekoak dira eta sektorean gabiltzanon artean ere asko hitz egiten dugu: zerk funtzionatzen duen eta zerk ez». Etorkizunera begira, argi dio, «teknologia berrietara egokitzen asmatzea» izango dela erronka: «hain azkar doa dena… Idi paretik traktorera pasa zirenean, hamar bat urtez bazuten lana traktoreak saltzen. Orain teknologia horren azkar doa… niretzat erronka da egokitzen jakitea».

Zerbitzu pertsonalizatua

Produktuak saltzeaz gain, mantentze eta konponketa lanetaz ere arduratzen dira Agricola Bidasoan: «saltoki handietan ez bezala, salmenta ondorengo zerbitzuaz ere arduratzen gara. Salmenta egitean ez da hor bukatzen bezeroarekin dugun hartu-emana. Konfiantza erlazio bat da eta edozein arazo, zalantza... baldin badute norbait dute beste aldean. Zerbitzu pertsonalizatua eskaintzen diegu bezeroei, horixe da  gure bereizgarria». Argi dio: «Zerbitzurik ez bagenu emango, ez genuke ezer salduko». 

Azaroaren 13an, Bordatxoko aparkalekuan duzue Agricola Bidasoakoekin hitzordua: «etorri, ikusi eta galdetu. Zuen esperoan izanen gaituzue».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun