DONEZTEBEKO FERIAK

Urteroko osagaiak prest dituzte Donezteben udazkeneko feriez gozatzeko

Ttipi-Ttapa

Malerrekako abelburu ederrenak eramanen dituzte azaroaren 13an Doneztebeko Merkatu Plazara.

Azaroaren 13an ospatuko dituzte Doneztebeko feriak. Malerrekako abelbururik ederrenak eramanen dituzte Merkatu Plazara eta lanerako tresnen eta makinen erakusketa eginen dute Bordatxo atarian. Herriko alde zaharrean 140 bat salmenta postu jarriko dituzte eta arratsaldean, herri kirol zaleek hitzordua izanen dute Ezkurra pilotalekuan.

Udazkenean sartu orduko egutegia esku artean hartu eta jende aunitzen galdera izan ohi da: noiz dira Doneztebeko feriak? Ez da harritzekoa zalantza izatea, ez delako beti data berean ospatzen. Aurten azaroaren 13an izanen dira eta heldu den urtekoak noiz izanen diren jakiteko formula azaldu du Jon Telletxea Doneztebeko Udaleko zinegotziak: «Garai batean Doneztebeko Feriak ortzegun eta ortziralean izaten ziren. San Martin Egunetik hurbilen zegoen ortzegunean hasten ziren eta azaroaren 11 ortzeguna zenetan, hurrengo astean ospatzen zituzten. Orain Doneztebeko Feriak ortziralarekin ospatzen dituzten arren, ohitura hori mantendu dute. 2027an, San Martin Eguna ortzegunean izanen denez, azaroaren 19an izanen dira». Heldu den urtekoei begira jarri aitzinetik, aurtengoak ospatu behar dituzte eta goizean goizetik nabarituko da mugimendua herrian. Malerrekako abelbururik ederrenak ikusteko aukera izanen da Merkatu Plazan, 10:00etatik 14:00etara. Azienda saila bilduko da eta horien bueltan argazkia osatuz, ikusmiran doazenak edo tratuan aritzeko asmoa dutenak bilduko dira. Tenore berean, Bordatxo inguruko aparkalekura hurbiltzen denak lanerako tresnak eta makinak ikusteko aukera ere izanen du.

Herriko alde zaharrean 140 bat salmenta postu jarriko dituzte

Doneztebeko karrikek kolore eta usain berezia izanen dute azaroaren 13an. Salmenta postuek jantziko dituzte alde zaharreko ia izkina guztiak, goizean hasi eta ilunabarrera arte: «750 bat metro izaten dira denera, 140 bat salmenta postutan banatuta». Gozokiak, eztia, gaztainak, ogia, taloa, gazta, baratxuriak... erosteko aukera izanen da eta horien aldamenean, arropa, oinetakoak, galtzerdiak eta aterkiak ere jarriko dituzte salgai. Tripazorriak ase eta udazkenerako etxeko despentsa eta armairua betetzeko aukera izanen dute erosleek. Eskualdeko ekoizleek eta kanpotik joandako saltzaileek paratuko dituzte postuak eta herriko hainbat merkatarik ere karrikara aterako dituzte beraien produktuak. Antolatzaileek azaldu dutenez, «arrakasta handia dute Doneztebeko feriek. Azken urteetan saltzaile kopuruak mantendu dira eta urtetik urtera metro gehiago eskatzen dituzte». Pagotxaren bila doazenek begiak zorrotz izan beharko dituzte hainbertzeko aukeraren artean. Mendaur institutuko DBHko laugarren mailako ikasleek ere ikasbidaiarako sosa ateratzeko postua paratuko dute eliz atarian.

Postuz postuko erronda egin ondotik, ostatuetan elkartzeko aitzakia ere ematen dute Doneztebeko Feriek. Mahaiaren bueltan otordu ederra egiteko aukerarik ez da faltako, indarrak hartzeko tragoxka egin edo zerbait jatekoa ere bai. Besta goizaldeko ordu ttikiak arte luzatuko duenik ere izanen da. Doneztebeko eta inguruko ostatuetan jan-edanak antolatzen hasiak dira dagoeneko.

Herri kirol zaleek hitzordua dute arratsaldean Ezkurra pilotalekuan

Aizkora eta arpana. Doneztebeko Ferietako bertze bi osagai izaten dira. Urtero bezala, hitzordua izanen dute Ezkurra pilotalekuan herri kirolak gustuko dituztenek.

2026ko Euskadiko Emakumezkoen Trontza Txapelketarekin hasiko da jaialdia 18:00etan. Bortz bikote ariko dira nor baino nor, baina ez da eskualdeko parte hartzailerik izanen. Honakoak izanen dira txapelketan parte hartuko duten kirolariak: Uxue Ansorregi eta Aurkene Aroka; Sara Jimenez de Aberasturi eta Maite de Felipe; Saioa Dendarieta eta Leire Arraztoa; Garbiñe Lopez de Uralde eta Ruth Linaza eta Ainhoa Iraizoz eta Maria Iraizoz. Bikote bakoitzak 45 ontzako hamabortz ebaketa egin beharko ditu eta horretarako gisa guztietako trontzak erabili ahal izanen dituzte.

Segidan, Nafarroako I. Mailako Aizkora Txapelketaren finala jokatuko dute Ibai Soroak, Iker Vicentek, Jon Rekondok, Txomin Amundarainek eta Eneko Saralegik. Lekunberriko kanporaketan ezustekoa eman eta Soroak Vicenteri irabazi ondotik, lehia bizi-bizia espero da.Txapela lortzeko lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko moztu beharko dituzte aizkolariek. Jaialdira sartzeko hamabortz euro ordaindu beharko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun