Merkatuko Plaza zaharberritzeko proiektuarekin aitzinera segitzen du Doneztebeko Udalak. Urriaren 15ean aurkeztu zuten Galbaiaralden jende aitzinean eta bildutakoek udalak egin nahi dituen lanen inguruko esplikazioak aditu zituzten: aparkalekua berrantolatu, gaur egungo eraikina bota eta erabilera anitzeko espazioa sortu, platano arbolak ordezkatu, jardinerak eta bankuak paratu... Platano arbolen harira, Arantxa Arregi Doneztebeko alkateak zehaztu du, «hasiera batean gure intentzioa mantentzea» zela, «baina zurtoin inbaditzaileak dituzte eta horrek lurra altxatzeko arriskua du».
Gainerakoan, lanak azaroan hasiko dituzte; «feriak azaroaren 13an izanen dira eta ondotik hasiko dira. Sasoi enpresak eginen ditu eta otsailerako akitu beharko dituzte». 485.000 euro (gehi BEZa) kostako dira, eta zati handi bat EH Bilduren bidez lortutako 300.000 euroko laguntzarekin ordainduko dute.
Erabilera anitzeko espazioa
Gaur egungo eraikina botata, idorra izanen duen erabilera anitzeko espazioa eraikiko dute Merkatuko Plazan. «Herri erdian eta toki estrategikoan kokatuta, aukera aunitz izanen dituen eremua» izanen dela uste du alkateak: «kultur elkarteendako, ekoizleendako, merkatariendako...». Hain zuzen, aukerak aztertzeko eragileekin bilerak egiteko intentzioa du udalak: «Merkatariekin, tratanteekin, ekoizleekin, kultur eta kirol taldeekin... bildu behar dugu beraien proposamenak biltzeko». Hortik kanpo, herritarrei ere egin die deia, «proposamenen bat baldin badute, guregana hurbildu».
Arregik onartu du proiektuak «ilusioa» sortu diela, eta «herriari bulkada emateko motor ttiki bat» izatea espero du. Herritarrengan ere erantzun ona izan duela dio: «Jendea kontent dago, bai obragatik, bai desordenatua dagoen aparkalekua txukundu behar dugulako...».
