MARIBEL MAKUSO DANBORIENEA, Aurtizko herritarra.
Maribel Makuso Aurtitzen sortu eta bizi den emakumea da. Bere hitzetan, «gauza ttikiekin disfrutatzen duen pertsona» da. Jendearekin egotea eta umore onean ibiltzea gustatzen zaio eta etxeko lanetan eta herriko ttikienei kasu egiten aritzen da bere egunerokoan.
Txistua «afizio handi»
Bertzalde, txistua jotzea da bere afiziorik handiena ttikitatik: «Hamaika urterekin hasi nintzen txistua jotzen. Lehendabiziko piezak 1980ko Aurtizko bestetan jo nituen, nere aita eta bere laguna zen Fermin atabalariarekin. Zehazki, Andre Maddalen eta Elizondo biribilketa piezak».
Bere aita «afizio handiko» musikaria zela azaldu digu, eta berak txistua jotzen etxean ikasi omen zuen: «Nire lagun bat eta ni elkar animatuz hasi ginen txistua jotzen etxean; aitarekin ikasi genuen». Gaur egun, lau lagun aritzen dira txistua jotzen herrian ospakizun eta egun berezietan.
Aurtengo Aurtizko bestetan ere ariko da harat eta honat txistuarekin. Azaroaren 6an, 7an, 8an eta 11n ospatuko dituzte sanmartinak Aurtiztarrek eta Makusok azaldu digunez, urtero mantentzen diren ohitura nagusiak dira herritarrentzat unerik nabarmenenak: «Goizeko kalejira eta bertsolariekin egiten den herri bazkaria mantentzen diren bi ohitura dira, eta une bereziak bihurtzen dira, herritarrak ospakizunei ekiteko gogoz egoten garelako». San Martin eguneko mezara txistuarekin joatea ere bereziki gustatzen zaio Maribeli. Txistuaren doinuak ez baititu musikarekin bakarrik lotzen, bestei eta ospakizunari hasiera emateko moduarekin ere lotzen baititu txistulariak.
«Lehenago herrian zeuden ohitura eta tradizio batzuk gaur egun jada ez dira egiten»
Herri bazkaria ezinbesteko hitzordua da Maribelentzat: «Jendetza elkartu eta ongi pasatzen dugu bazkarian, adin guztietako herritarrak mahaiaren inguruan izaten baikara». Aurten, azaroaren 6an eginen dute bazkaria. Kalejirak eta bazkariak urtez urte herritarrak elkartzeko balio dutela erran digu.
Herriko ohiturak
Dena den, garai bateko herriko tradizio batzuk galdu egin direla ere azpimarratu du txistulariak. San Juan eguneko besta da horietako bat: «Lehen, San Juan egunean edo ondoko igande goizean, txistulariak hiru auzoetan barrena ibiltzen ziren, alkatearen eta kontzejalen etxeetara joaten ziren, gero mezara joateko. Arratsaldean plazan jotzen zuten eta zenbait urtetan merienda ere egiten zen». Maribelek azaldu digunez, ohitura hori gaur egun ez da mantentzen, baina bertze batzuk oraindik mantentzen dituzte: «Besta Berrin, berriz, goizeko kalejirak eta mezara txistuarekin joateko ohiturak segitzen dute oraindik ere». Nahiz eta orain «arratsaldez ez den txistua entzuten herrian» poza sortzen dio hau erran ahal izanak.
Aurtengo bestetako egitarauak musika eta herritarrak elkartzeko aukera emanen duela azaldu du Maribelek: «Azaroaren 6an, txistulari eta trikitilarien kalejirarekin hasiko dira bestak; ondotik, pilota partidak eta herri bazkaria izanen da bertsolariekin. Hurrengo egunean, herri krosa, aizkora apustua, mozorro bazkaria, txaranga eta erromeria izanen dira. Azaroaren 8an, Mikel Lasarteren erakustaldia, musika emanaldia, mus txapelketa, trikitixa jaialdia eta tortilla eta pintxo lehiaketa. Azaroaren 11n, berriz, kalejira, San Martinen omenezko meza nagusia, haurrendako bazkaria, jokoak eta txokolatada izanen dira herrian».
«Jendetza elkartu eta adin guztietako herritarrak mahaiaren inguruan izaten gara»
Frontoia eta sozietatea izaten da bestetan herritarren topaleku, eta Makusok erran digu bere herriko txokorik gustukoena horiek berak direla, batez ere pilotalekua, «edozein gauza» egiteko balio baitu: «Frontoia hagitz toki polita da, edozer antolatu eta idorpean egoteaz gain, berezia izaten da herri guztia bertan elkartzen garenean».
Elkarrizketa bukatzerakoan, Makusok mezu argia bidali nahi izan die herritarrei eta etorriko diren bisitariei: «Aurtiztar guztiei, eta Aurtitzera bestetara etortzen direnei, besta onak pasa!».