Promozio mailan, berriz, Koteto Ezkurra III.a doneztebarra eta Markel Leatxe donamariarra suertatu dira txapeldun
Finalaren hasiera berdindua izan zen (2-2, 4-4, 6-6, 11-11, 16-16). Hori izan zen azken berdinketa, hortik aitzinera beti aitzinetik izan baitziren Matxin III.a eta Mitxeo. 23-22koa izan zen mugarria: Otxandorenak traba egin ziotela eskatu zuen, epaileak ez zuten horrela adierazi eta kontzentrazioa galdu zuen Doneztebeko aurrelariak. Zortzi (31-23) eta bederatzi tantoko (33-24) aldea ere izan zuten eta azkenean 35-29 gailendu ziren. Aitzineko koadroetan berdintasun handia izan zen (Matxinek 16 tanto egin zituen eta Otxandorenak 15), baina Mitxeo nagusi izan zen gibelean eta 10 tanto jokoan eta 5 sakez egin zituen. Mitxeok denboraldiko hirugarren txapela jantzi du, Iruñeko Alde Zaharreko eta San Fermin torneoen ondotik.
Ezkurra III.a eta Leatxe promozio mailan
Aitzinetik jokatu duten promozio mailako finalean, berriz, Koteto Ezkurra III.a doneztebarrak eta Markel Leatxe donamariarrak 35-25 irabazi zieten Osesi eta Agirrezabalari. 10-0 irabaziz hasi zen Malerrekako bikotea eta beti aitzinetik izan zen, nahiz eta bi tantora ere hurbildu ziren zenbaitetan Oses eta Agirrezabala (16-14, 18-16 eta 24-26). Azken txanpan hobe ibili ziren Ezkurra III.a eta Leatxe. Donamariako atzelariak 13 tanto egin zituen jokoan eta 1 sakearekin eta Doneztebeko aurrelariak 11.