Eta egiten ari den ibilbidea da horren lekuko. Afizioa osabarengandik heldu omen zaio: «Etxean ez dut rallyak gustatu zaizkion inor izan, baina osaba Peio beti ikusi izan dut motoan, kotxeekin saltsan... 12-13 urte nituenean, kotxean berarekin nintzela, derraperen bat edo bertze egiten zuen, Mirandako zirkuitura eraman ninduen... Berea da nire afizioaren kulpa guzia». Hain zuzen, osabarekin egin zuen lasterketetarako saltoa, 18 urte zituela, 2021ean Malerrekako Rallyan. «Esperientzia falta, ezjakintasuna, urduritasuna» eta aldi berean, «ilusio handia» sentitu zituen.
Koskak goratuz
2022an osabarekin segitu zuen: «Nafarroako Rally Txapelketako lasterketa batzuetan parte hartu genuen» eta 2023an, «Nafarroan, Gipuzkoan, Errioxan eta Kantabrian hainbat piloturekin ibili nintzen». Hala ere, 2024a izan omen zen «urte gakoa. EAEko Rally Txapelketa guzia egiteko aukera eman zidan Aitzol Apalantzak, eta inoiz imajinatuko ez nukeen kotxeetan sartu nintzen. Txapelketa osoa pilotu eta kotxe hoberenekin egin nuen eta gainera, irabazi genuen. Arrunt urte polita izan zen eta beti eskertuko diot».
Geroztik, palmares ederra osatzen ari da: «2025ean Espainiako txapelketan parte hartu nahi izan nuen eta estatu mailako promozio kopa batzuetan parte hartu nuen. Iker Etxeberriarekin, Espainiako Super Txapelketan, bigarren kategorian, atera nintzen». EAEkoan Apalantzarekin ere segitu zuen, eta «txapeldunorde gelditu ginen». Urte berean, bertze pilotu batzuekin ibilita «arrunt emaitza onak lortu genituen».
Eta ez da gelditu. «Aurten nire ametsa bete dut. Espainiako Super Txapelketan, maila altuenean, kopilotu nabil, Unai de la Dehesarekin. Arrunt zaila da kategoria altuenean denboraldi osorako aulkia lortzea, eta arrunt zoriontsu eta eskertua nago Unairekin. Gainera, Europako Txapelketako Rally Sierra Morenan ere parte hartu dugu eta zoragarria izan da». Heldu den urteari begira, «dinamika horrekin» segitzea gustatuko litzaioke.
Bertzalde, gidatzea «aunitz» gustatzen omen zaio; «zirkuituetako Bmw bat daukat eta tarteka, pilotu bezala jostetan aritzen naiz». Hortik goiti, ordea, ez: «Egiatan betetzen nauena kopilotu lana da. Antolaketa, diziplina, dena ongi ateratzearen presioa... Horrek zoriontsu egiten nau».
«Istripu guzien ondotik 'Noiz dugu hurrengo lasterketa?' pentsatzen dut»
Segurtasuna
Hainbertze lasterketa eta «denak desberdinak eta denetan anekdotak». Hala dio: «Frenorik gabe gelditu izan naiz, eskapada latzak izan ditut, istripu aunitz...». Azken hiru urteetan, «urteko bizpahiru istripu» izan dituela onartu du: «Kirolak bere arriskua duela denok dakigu, baina segurtasun handia dugu. Ez zait inoiz deus pasatu, nahiz eta kolpe handiak izan ditudan. Fisikoki kirola egiteak ere aunitz laguntzen du». Gehiago ere bai: «Istripu guzien ondotik 'Noiz dugu hurrengo lasterketa?' pentsatzen dut». Hala ere, ez dute denek igual pentsatuko. Kontatu duenez, lasterketetan dabilenean «etxean inoiz ez dira lasai egoten. Denok dakigu kirol hau ez dela ping-pong partidu bat, eta bere arriskuak dituela. Baina beti babestu naute zoriontsu egiten nauten gauzatan. Harro daude hain gazterik lortu dudanarekin».
Helburu pertsonalei begira
Emakumeek automobilismoan duten tokiaz ere aritu da: «Estatu mailan nire kategorian, emakumezkoak arrunt-arrunt gutti gara. Herrialdeko txapelketetan, berriz, dezente ikusten dira, gehienbat kopilotu». Horren inguruan, «beti arrunt errespetatua» sentitu izan dela gehitu du; «gizonezko batek dituen aukerak izan ditut».
Gainerakoan, gauzak bere modura egitea gustatzen zaiola, eta «beti helburu pertsonaletan zentratzen» dela onartu du, baita «autodidakta» dela eta «lasterketaz lasterketa eta oztopoz oztopo ikasten» segitzen duela ere. Sekretua «lan aunitz egitea» da bere hitzetan, «esponja bat izatea. Ni arrunt behatzailea naiz, eta horrek lagundu dit, baita aunitz galdetzeak ere. Lotsa alde batera utzi eta Espainia mailako kopilotu hoberenekin aunitz solastatzen naiz. Beti laguntzen didate, eta noski, ni ere dakidana erakusteko prest nago».
«Hain kirol garestia ez balitz, gehiago disfrutatuko» luketela gaineratuz segitu du; «aunitz borrokatu behar da denboraldi osoa aitzinera ateratzeko». Eta «egiatan gustatzen zaionari, lan aunitz egiteko» aholkatu dio: «Poliki-poliki gauzak ateratzen dira eta izan ausarta helburuak errealitate bihurtzeko». Berak argi du: «Mundu hau arrunt interesgarria da eta aunitz gara odola gasolinaz osatua dugunak».
Labur-labur
|
