Eneit Bertiz sunbildarra nagusitu da Aiako VI. Mendi Duatloian

Ttipi-Ttapa

Eneit Bertiz garaile Aiako VI. Mendi Duatloian. Podiumean ageri da sunbildarra, Gurrutxagaren eta San Sebastianen artean.

Euskal Herriko XVI. Mendi Duatloi Zirkuituko borzgarren proban gailendu zen

Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituaren hamaseigarren edizioaren barrenean Aiako VI. Mendi Duatloia egin zuten urriaren 24an Andatzan. Kirolariek 6,21 kilometro luze eta 275 metroko desnibel positiboa zuen ibilbidea osatu behar zuten lasterka eta 13,2 kilometro luze eta 642 metroko desnibel positiboa zuen ibilbidea mendi bizikletarekin. Eneit Bertiz Apezetxea sunbildarra nagusitu zen.

Eneit Bertiz lasterka egin beharreko zatian, denen aitzinetik.

Hasieratik bukaerara aitzinetik ibili zen Bertiz eta ordubete, 21 minutu eta 33 segundo behar izan zituen lasterketa osatzeko. Hiru minutu eta erdiko aldea atera zion bigarren izan zen Eneko Gurrutxagari (1.25.03) eta lau minutu baino gehiago hirugarren izan zen Aitor San Sebastiani (1.26.41).

Eneit Bertizek bere espezialitatean, mendi bizikletan, aldea handitu zuen.

Eskualdeko kirolari gehiago ere izan ziren Aiako proban. Saltoki Orbea taldeko Mikel Telletxea Sarratea gazteluarra zazpigarren izan zen (1.29.50) eta Xuban Etxegia Etxebeste sunbildarra hamalaugarren (1.41.24).

Emakumeen artean, Ainhoa Urteaga zumaiarra izan zen bizkorrena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun