Latxa eta manex ardi arrazak Pirinioetako bi arraza autoktono dira, historian hartu-emanean aritu izan direnak, eta gaur egun ere, balio handia dutenak. Baina bi estatutan kokatuta eta Pirinioetako orografia tarteko, hazkuntza programak bakoitzak bere aldetik garatu dituzte eta esplikatu dutenez, «horrek zaildu egin du informazioa trukatzea eta hobekuntza genetikoko lanak koordinatzea». Hain zuzen, horri erantzunez hasi ziren ARDI proiektua garatzen. 2018tik 2021era lehenbiziko proiektua landu zuten, ARDI izenekoa, eta bi arrazen hazkuntza programen koordinaziorako erremintak garatzeko probestu zuten. Gisa berean, hala sortu zuten Artaldean taldea ere, bi arrazen programez arduratzen diren entitateek osatutakoa. Proiektu haren segida izan da ARDI2, azken hiru urteotan garatu dutena. Europar Batasunak ere finantzatu du, POCTEFA programaren bitartez.
Emaitza nagusiak joan den urriaren 14an aurkeztu zituzten Donezteben egindako ekitaldian eta proiektuko bazkide diren Aslana (Nafarroako Latxa Ardi Hazleen Elkartea), Neiker (Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea), Ardiekin (intseminazio zentroa), CDEO (zentroa) eta IDELE eta INRAE ikerketa zentroetako ordezkariek parte hartu zuten, baita Ruben Goñi Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko zuzendariak eta Arantxa Arregi Doneztebeko alkateak eta Cederna Garalur elkarteko lehendakariak ere.
Ebaluazio genetiko komuna
Bertzeak bertze, latxa eta manex ardi arrazak hazteko programetan erabiltzen dituzten irizpideak bateratzea izan da ARDI2 proiektuaren lan eremuetako bat. Izan ere, bi arrazek ezaugarri morfologiko iruditsuak badituzte ere, badituzte desberdintasunak, hala nola, errapeen morfologia. Proiektu honekin, «bi populazioen datuak errazago alderatzeko, irizpide baliokideak» ezarri dituzte.
Hautaketa irizpide berriak eta jasangarritasuna
Bertzelako ezaugarri batzuk ere aztertu dituzte, animaliak klima aldaketara egokitzearekin eta haien ingurumen inpaktuarekin lotutako ezaugarriak, adibidez. Horren harira, metano emisioak eta beroarekiko tolerantzia aztertu dituzte.
Horrez gain, esnearen kontroletan bildutako laginen bidez, informazio gehiago sortu dute. Zehazki, izpi infragorrien bidezko analisi teknologikoak aplikatu dituzte, «esnearen osaera fina xehetasunez zenbatesteko modua ematen baitute, hainbat elementu neurtuz, hala nola, kaseinak (proteinak) eta gantz azidoak».
Europako erreferentziazko datu base batera ere irauli dituzte latxa arrazako ardietatik ateratako datuak, eta genetikatik haratago, ustiategietan lan praktikoari ere heldu diote: «Diagnostiko agroekologikoak erabili ditugu latxa eta manex abeltegiek ingurumenarekin duten elkarreragina ebaluatzeko».
Gisa berean, eredu ekologikoan ari diren ardi abeltegien egoera ere aztertu dute: «Abeltegi mota horiek zenbait araudi zehatz bete behar dituzte; adibidez, debekatua dute tratamendu hormonalak erabiltzea eta horrek zaildu egiten du ugalketa artifiziala aplikatzea». Hain zuzen, horiei begira, «bertzelako aukerak eskaintzeko helburuarekin» lanean aritu dira, «ustiategi horiek modua izan dezaten oztopo horiek gainditu eta hobekuntza genetikoko programetan parte hartzeko».
Tresna informatikoak
Gainerakoan, tresna informatikoak garatu dituzte «ustiategien egunerokotasunean informazioa modu praktikoan kudeatzeko». Latxa arrazaren kasuan, LatxApp aplikazioa sortu dute, «animalia bakoitzaren historia zentralizatzeko eta artaldearen kudeaketari buruzko txostenak egiteko». Manex arrazaren kasuan, berriz, bertze kudeaketa programa bat garatu dute: «Esne ekoizpenean neurgailu bidez bildutako datuak automatikoki sartzen dira ustiategiaren kudeaketara eta hazkuntza programara».
Adierazi dutenez, «egindako lanari esker, bi arrazen hazkuntza programetan ari direnen arteko lankidetza areagotu egin da».