«Dudan guzia ematen ari naiz eta berdin segitu nahi dut»

Ttipi-Ttapa

Hodei IRIARTE JAUREGI, Osasuna Promesas futbol taldean ari den Donamariako gaztea.

Betitik «kirolari amorratua» izan dela dio Hodei Iriarte Jauregik (Donamaria, 2007), «ezin bainaiz denbora luzez geldirik egon». Baina kirol guzien artean, bereziki futbola du pasio eta horren bueltan dabil ttiki-ttikitatik. 

Doneztebe Futbol Taldean eman zizkion hasierako ostikoak baloiari, eta hamabi urte bertzerik ez zituenean, Osasunara egin zuen salto. Hantxe segitzen du geroztik, kontent eta ilusioz.

Denboraldia Osasuna Promesas taldean hasi du, eta 2028ra bitarteko kontratua sinatu du talde gorritxoarekin. Gainera, taldeak kontratua bertze bi denboraldi luzatzeko aukera izanen du, 2030era arte. Hiru anaietan gazteena da eta aitortu du haietako bati zor diola futbolerako grina; haren pausoei segika hasi baitzen futbolean. Hala ere, futbola ez da bere helduleku bakarra, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua egiten ari da. Orain arteko bideaz eta bere ametsez aritu da 19 urteko gaztea.  

Nondik heldu zaizu futbolerako afizioa?

Anaiarengandik heldu zaidala erranen nuke. Ttikitatik futbolean jokatzen du eta haren partiduak ikustera joatea aunitz gustatzen zitzaidan. Denbora pasatu ahala, gero eta afizio handiagoa hartu nuen.

Doneztebe Futbol Taldean hasi zinen. Orduko zer oroitzapen dituzu?

Borzpasei urterekin hasi nintzen Doneztebe Futbol Taldean. Lehenbizian, kiroldegian aritzen ginen, eta ondoko urteetan, futbol zelaira pasatu ginen. Orduko oroitzapen ezin hobeak ditut, betitik izan ditudan lagunekin jokatzen bainuen. Gainera, hainbat adinetako jendea ezagutzeko aukera izan nuen.

«Ez dut inoiz atzenduko Osasunak niregan interesa zuela erran zidaten egun hura»

Hamabi urterekin Osasunara. Salto handia izan zen?

Ez dut inoiz atzenduko Osasunak niregan interesa zuela erran zidaten egun hura. Ohiko arratsalde bat zen, eta taldearekin entrenatzen ari nintzen. Akitzerakoan, Doneztebe Futbol Taldeko presidenteak eta bertze bizpahiru lagunek hartu ninduten eta gela batean sartu ginen. Hasiera batean, beldurtu nintzen, zerbait gaizki egin nuela pentsatzen bainuen. Berria eman zidatenean, ikaragarrizko poza sentitu nuen eta momenturik hoberena, dudarik gabe, taldekideak harro ikustea izan zen. Osasunara joatea salto ikaragarria izan zen; entrenatzaile bakarra izatetik lauzpabortz izatera pasatu nintzen, bertzeen artean, bigarren entrenatzailea, prestatzaile fisikoa... Baina aldaketarik handiena hizkuntza izan zen, taldekide berriek ez baitzekiten euskaraz eta ni ez nintzen arrunt seguru sentitzen erdaraz bakarrik mintzatuz.

«Baina arrunt kontent nago Osasunara ailegatu nintzen egunetik gaur arte izandako esperientziarekin» 

Nolakoak izan dira urte hauek?

Esperientziaz betetako urteak izan dira eta urte hauek ez ditut atzenduko. Lehenbiziko urteetan, inguruko herrialdeetan txapelketa aunitzetan parte hartzen genuen. Urteak aitzinera egin ahala, geroz eta seriotasun handiagoa hartu du futbolak; hasieran dibertsioa bakarrik zena, lehia izatera pasatu baita. Hala ere, urte guziak ez dira berdin joan; batzuk bertzeak baino zailtasun gehiagorekin pasatu ditut. Dena den, beti positibismoarekin aitzinera egin dut, nahiz eta urte batean arrunt gaizki pasatu nuen. Mentalki arrunt gogorra izan zen, ez nuelako nire egiazko maila erakusten eta horrekin batera, lesioak izan bainituen. Baina arrunt kontent nago Osasunara ailegatu nintzen egunetik gaur arte izandako esperientziarekin. 

Futbola eta ikasketak uztartzeko nola moldatu zara?

Ahal nuen bezala. DBH erraz atera nuen, zailtasun maila ez baitzen arrunt altua. Baina urte horietan, oroitzen naiz, 22:00 aldera ailegatzen nintzela etxera eta ez nuela ia denborarik eskolako lanak egiteko. Hori Batxilergoan ezinezkoa zen, eta orduan, Iruñera bizitzera joan nintzen, zehazki, Osasunak Larrabiden duen erresidentziara. Batxilergoa Iturraman egin nuen eta hartu dudan erabakirik hoberenetarikoa izan zen.

Gaur egun, ikasten edo lanean ari zara?

Iruñean, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua egiten ari naiz. Karrerako bigarren urtean nago. Garbi nuen kirolarekin zerikusia duen zerbait ikasi nahi nuela. Egia da nire lehenbiziko aukera Fisioterapia ikastea zela, baina Tuteran zegoenez, alde batera utzi nuen eta bigarren aukerara pasatu nintzen; orain ikasten naizena.

«Momentu berezi ugari ditut, baina bat erratekotan, kuadrillakoak lehenbiziko aldiz nire partidua ikustera joan ziren eguna aukeratuko nuke»

Futbolean daramatzazun urte hauetan, baduzu momentu bereziren bat gogoan gelditua?

Momentu berezi ugari ditut, baina bat erratekotan, kuadrillakoak lehenbiziko aldiz nire partidua ikustera joan ziren eguna aukeratuko nuke. Hamabi urte nituenetik kanpoan jokatzen dudanez, nahiko nukeena baino denbora guttiago pasatu dut haiekin, eta pertsonalki, ez da erraza izan haiek hainbertze ez ikustea. Horregatik, harmailetan lagunak ikusteak aunitz hunkitu ninduen eta ikaragarrizko ilusioa egin zidan.

Denboraldi honetan Osasun Promesas taldean ari zara. Zer moduzko esperientzia izaten ari da?

Ilusio handiko urtea izaten ari da. Konpetentzia handiko urtea da, jokalari ugari gaudelako eta taldekideek maila handia dutelako. Jokatzea ez da erraza izanen, baina erronkak gustatzen zaizkit eta barrenean dudan guzia ematen ari naiz, eta berdin segitzeko gogoa dut.

2028ra arteko kontratua sinatu duzu. Espero zenuen?

Osasunan arrunt gustura nagoenez, nire intentzioa hori izan da hasieratik, baina ez nekien zuzendaritzakoek zer intentzio zuten nirekin. Egun batean, ordezkariak zuzendaritzakoekin solas egin zuela erran zidan, eta aunitz poztu nintzen kontratua luzatu zidatela aipatu zidanean.

Betitik erdilaria izan zara?

Bai, ttikitatik erdian jokatu dut, baina gibeleko postuetan ere partiduren bat jokatu izan dut, taldearen beharretara moldatuz. Hori bai, aukera izanez gero, erdian jokatzea da gehien gustatzen zaidana.

Zure zer ezaugarri nabarmenduko zenuke futbolean?

Nire ezaugarri on bat jokoa entenditzeko modua da, hau da, momentu bakoitzean taldeak niregandik behar duena zer den jakitea. Mentalki azkarra naizela uste dut. Ez naiz jokalari trebe horietako bat, ezta azkarrenetako bat ere,  horregatik, nire trikimailuak erabili behar ditut.

Etorkizunean non ikusten duzu zeure burua?

Futbol munduan etorkizuna ikustea zaila da, gauzak momentu batetik bertzera aldatzen baitira. Orain nagoen tokian arrunt gustura nago eta espero dut oraindik urte aunitz hemen pasatzea.

«Momentu gogorrak izaten ditugunean jende egokiaz inguratzea ezinbertzekoa da»

Zerbait gehiago erran nahi duzu?

Bai. Iduri ez badu ere, jokalari guziok momentu gogorrak izaten ditugu eta momentu horietan jende egokiaz inguratzea ezinbertzekoa da. Aipatu dudan bezala, urte txar bat pasatu nuen eta entrenatzaile batengatik ez balitz, ez dakit orain nagoen tokian egonen nintzatekeen. Imanol Lobo izan zen nire momenturik okerrenean ondoan egon zena. 

Labur-labur
  • Bizitzeko Iruñea edo Donamaria? Donamaria, dudarik gabe.
  • Donamariako txokorik gustukoena? Gontxea, nire etxea.
  • Futbol talde bat? Doneztebe Futbol Taldea.
  • Futbolari bat? Enaitz Iriarte, ttikitatik nire erreferentzia izan dena.
  • Futbolaz gain, baduzu bertze afiziorik? Ez daukat bertze afizio zehatzik, baina kirolak ikustea gustatzen zait. Lagunekin egotea ere gustatzen zait, gazte gehienoi bezala.
  • Futbola ez den kirol bat praktikatzeko? Tenisa.
  • Eta futbola ez den bertze kirol bat ikusteko? Tenisa.
  • Musika talde bat? Ken Zazpi.
  • Nora bidaiatuko zenuke gustura? Greziara.
  • Amets bat? Sadarren partidu bat jokatzea eta harmailetara begiratzean, nire familia ikustea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun