«Donezteberendako eta Malerrekako udalerri guziendako espazio historikoa eta funtsezkoa dena biziberritu». Horixe nahi du Doneztebeko Udalak, eta intentzio horrekin hartu du Merkatuko Plaza berritzeko proiektua esku artean. «Merkatuko plazaren funtzioa eta baloreak berreskuratu» nahi ditu, eta horrekin batera, baita «kultur eta kirol jarduerak eta jarduera sozialak antolatzeko» gune bilakatu ere.
Garai batean, eremu hori hilerrirako sarrera nagusia izan zen, eta platanondoen bi lerroak zituen bereizgarri. Gerora, ordea, herria handitu ahala, ingurua egokitu zuten, baita arbol haietako batzuk bota eta aziendentzako eraikina egin ere. Gaur egun, ordea, «espazio hori aparkaleku desordenatu bihurtu» dela uste du udalak eta horregatik indartu nahi du.
Alde batetik, ingurua itxuraberritu nahi du, eta bertzeak bertze, aparkalekuak berrantolatu eta jardinerak eta bankoak paratu nahi ditu. Eta bertzetik, egungo eraikina bota eta idorra izanen duen erabilera anitzeko espazio bat eraiki nahi du, «urteko edozein sasoitan ekitaldiak, merkatuak, bilkurak... antolatzeko».
Proiektua Laura Apeztegia eta Iñigo Elizalde arkitektuek egin dute eta ortzegunean, urriaren 15ean, Galbaiaralden aurkeztuko dute, 19:00etan.

