[ARGAZKIAK] Kirola eta festa uztartuz, asteburu bete-betea izan dute Zubietan

Ttipi-Ttapa

Euskararen Egunaren bueltan, ostiraletik igandera, hainbat ekitaldi izan dituzte Zubietan. Giro ederra izan dute. 

Testua, argazkiak eta bideoa: Izaskun Zubialde. 

Ostegunean auzolana eta ostiralean pintxo lehiaketa eta mus txapelketa
Nahiz eta ostiralean hasi zen Zubietako Gazteek antolatutako Euskararen Eguna, ostegunetik sumatu zen mugimendua, gazteek deitutako auzolan deialdira jende asko hurbildu baitzen, asteburua bikain ateratzeko laguntzera. Ostegun eta ostiral arratsaldez, lehenbiziko aldiz, karpa paratu zuten herriko plazan, aste guztian egin zuen eguraldi gorabeheratsuaren beldur.
 
Ostiral arratsalde-gauez, berriz, pintxo lehiaketarekin hasi zen jarduna eta esan behar da pintxo asko aurkeztu zituztela herritarrek. Garaile, aldiz, Lurdes Santesteban atera zen, eta bigarren, Saioa Mariezkurrena, Lurdesen alaba, gelditu zen. Beraz, ama-alabak esku bikaina dutela bistan gelditu zen.
 
Ondotik, mus txapelketa jokatu zuten. Aurten, gazte askok parte hartu zuten eta, nola ez, beraiek gelditu ziren lehenbiziko postuetan. Txapeldunak Joxean eta Jon Mikel izan ziren eta txapeldunordeak Enaitz eta Oihan.
 
Larunbatean egun osoko festa
Larunbata goiz hasi zen herritarrendako. 07:30ean elkartu eta bakoitza egokitutako zereginean hasi zen mendi lasterketa ongi ateratzeko. Batzuk plaza prestatu, besteak mendiko puntutan dena prest utzi, beste batzuk, berriz, dortsalak eta gosaria banatu... lan handia  izan zen, baina zoragarri atera zen.

 

 
Bittori Elizalde herriko bertsolariak ongietorri bertsoa bota ondotik, 09:30ean hasi zen proba. Aurten, gainera, inoiz baino herritar gehiago animatu ziren; hamabi hain zuzen ere; Joxe Mari, Naroa, Imanol, Haizea, Karmele, Iagoba, Xabi, Joseba, Igor, Martxel eta lasterketa amaierako kide Mikele eta Maialen.
 
Mutilen kategorian, lehenbizikoa Berastegiko Aritz Intxarrondo izan zen, bigarrena Irungo Patrick Laqueche eta hirugarrena Goizuetako Aitor Aizkorbe. Nesken kategorian, aldiz, lehenbiziko Lesakako Oihana Arruti helmugaratu zen, bigarren Zubietako Naroa Santesteban eta hirugarren Igantziko Ninbe Urtxegi. Herritarren kategorian, Joxe Mari Indakotxea mutiletan eta Naroa Santesteban nesketan izan ziren garaileak. 115 lagunek akitu zuten lasterketa (Ikusi hemen sailkapena).
 
Lasterketa akituta, joare soinua ezin falta, eta herriko joaldunen bueltaren ondotik, aizkolarien txanda izan zen. Hauek ere erakustaldi polita egin zuten, baina herriko Jagoba Santestebanen debuta izan zen muina, Aimar Fernandezen aurka. Jagobak ezin izan zuen irabazi, baina herritarren berotasuna sumatu zuen.
 
Gainerakoan, 200 lagunek hartu zuten parte herri bazkarian eta giro ederrean, 3indarrok txarangaren laguntzarekin, eta ohitura zaharrak galdu gabe, herriari buelta eman zioten.
 
Iluntzean, musikaren txanda izan zen Oilar beltzak eta Baratxuri beltzak taldeekin, eta tartean, zezensuzkoa ere agertu zen. Gogoarekin gelditu zenak DJ Alkaperekin gozatzeko aukera izan zuen.
 
Igandean paella jatea
Igande goizerako garbiketa deialdia egina zegoen, eta ordu pare batez, herria txukun eta garbi utzi zuten bildutakoek. Lan pixka bat egin ondotik, gosea ere sartu zitzaien eta 70 lagun inguru paella jatera hurbildu ziren. Asteburuari bukaera ona emateko, Aresoko familiaren ahots eta doinuez gozatzeko aukera izan zuten.
 
Lerro hauen bidez, herriko gazteek asteburua antolatzeko laguntza eskaini duten guziei eskerrik beroenak eman nahi izan dizkiete, auzolanean eskua luzatzen dugunean, halako ekintzak aurrera ateratzen direlako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun