Euskal Herriko harri altxatze txapelketa jokatuko du Estefi Etxebestek igandean Mungian

Ttipi-Ttapa

Harririk handiena altxatu duen emakumea izatea lortu ondotik, igande honetan Euskal Herriko harri altxatze txapelketan parte hartuko du Estefi Etxebeste iturendarrak, harri arinagoekin.

Iturendarrarekin batera bertze zazpi kirolari lehiatuko dira txapelaren bila, hiru harrirekin, hiruna minutuko txandetan

Iturengo Joaldunen Egunean 166,4 kiloko harria altxatuta errekor historiko berria ezarri ondotik, konpetizio ofizialera bueltatuko da Estefi Etxebeste Giraldo Iturengo harri altxatzailea. Hain zuzen, Euskal Herriko emakumezkoen harri altxatze txapelketa jokatuko du urriaren 18an, igandean 12:00etan Mungiako Matxin plazan (Bizkaia). Euria eginen balu, udal pilotalekuan jokatuko da txapelketa. Iurendarrarekin batera, bertze zazpi kirolari lehiatuko dira, hiru harrirekin (75 kiloko zilindroa, 62,5 kiloko kuboa eta 62,5 kiloko bola, hiruna minutuko txandetan).

Iturengo harri altxatzailearekin batera, Malen Morandeira Iriondo, Patricia Martin Playa, Maddi Gesalaga Zendoia, Leire Olea Etxebarrieta, Lierni Osa Etxabe, Ane Zestau Lertxundi et Alba Zubiria Orkarai ariko dira txapelaren bila.

 

Gizonezko kintopekoak ere

Emakumeen txapela ez ezik, gizonezko kintopekoen txapelketa ere Mungian erabakiko da igandean. Bi harrirekin (100 kiloko kuboa eta 100 kiloko zilindro zaharra) lehiatuko dira, hiruna minutuko txandetan, bortz harri altxatzaile: Aritz Abendibar Maiztegi, Haritz Aranguren Iturbe Norde, Hegoi Lopez Nazabal Nazabal V.a, Oier Azpeitia Iraola eta Gari Elorriaga Mendiguren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun