Euskararen Eguna urriaren 9tik 11rako asteburu osora hedatuko dute aurten Zubietan

Ttipi-Ttapa

Urtero bezala giro ederra izanen dute Zubietako Euskararen Egunean, aurten asteburu osoan.

Inoiz baino egitarau zabalagoarekin eta ekitaldiak asteburu osora zabalduta, Euskararen Eguna antolatu dute aurten Zubietako gazteek urriaren 9tik 11rako astebururako. Ohiko ekitaldiez gain, aurten, bigarren aldiz, mendi lasterketa ere antolatu dute eta igandean ere auzolana, paella katea, bingoa eta musika izanen dute

Ostiralean, pintxo lehiaketa, mus txapelketa eta trikipoteoa izanen dituzte eta larunbatean mendi lasterketa, artisauak, herri bazkaria, aizkolariak eta musika eta igandean, auzolana, paella jatea, bingoa eta Aresoko familiaren emanaldia

Urriaren 9an, ostiralean 20:00etan pintxo lehiaketa izanen dute Errandonea ostatuan (pintxoak entregatzeko epea 19:00etatik 19:30era) eta trikipoteoa ere eginen dute. 21:30ean mus txapelketa jokatuko dute Errandonean.

Urriaren 10ean, larunbatean, bigarren aldiz, mendi lasterketa eginen dute 09:30ean abiatuko dira korrikalariak, baina 07:30erako hasiko dira dortsalak banatzen. 10:00etan hasita, herriko eskulangileen lanak egonen dira ikusgai eta erosgai plazan. Sarien zozketa ere eginen dute eta joaldunak ibiliko dira goizean. 12:30ean aizkora apustua: Mikel Indakotxea eta Jokin Larrieta; Mikel Santesteban eta Jesus Etxeberria eta Julen Urrutia eta Ioan Goikoetxea. Aizkora erakustaldia ere eginen dute Jagoba Santesteban eta Aimar Fernandez gazteek. Ondotik, mendi lasterketako eta tonbolako sariak banatuko dituzte. 14:30ean herri bazkaria (bazkarirako txartelak irailaren 26an eta 27an hartu behar ziren). 16:30ean haurrendako scaperooma. 17:30ean 3Indarrok elektrotxaranga ibiliko da. 20:30ean Oilar Beltzak musika taldearen emanaldia. Ilunabarrean, Zubietako taloak izanen dira eta zezensuzkoa ibiliko da. 23:30ean hasita Baratxuri Beltzak erromeria taldea izanen da plazan eta gauerditik aitzinera gaupasa, DJ Alkaperen musikarekin.

Aipatu bezala, aurten igandean, urriaren 11n ere izanen du segida Zubietako Euskararen Egunak. 10:00etan auzolana eginen dute, 14:00etan paella jatea, 16:30ean bingoa ega 17:30ean Aresoko Familiaren emanaldia (Jaione Olazabal, Jon Gurrutxaga eta lau seme-alabak).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun