Doneztebeko istripuaren harira, oinezkoen eta bizikletazaleen segurtasuna bermatzeko eskatu du Talde Ekosozialak

Ttipi-Ttapa

Herriguneetan ibilgailuen abiadura moteltzeko eta auto harrapaketak saihesteko neurriak har daitezen eskatu dute

Irailaren 29an auto batek oinezko bat kolpatu zuen Donezteben, eta larriki zauritua eraman zuten ospitalera. Horren harira, «istripu zehatzetik harago doan kezka» agertu du Baztango Talde Ekosozialak, «eskualdean bertze harrapaketak izan baititugu azken urteetan. 'Istripuak' direla erraten dugu, iduri du saihetsezinak direla, baina gure karrika eta trafikoaren diseinuaren eta autoaren kulturaren ondorio dira».

Herrigunean «auto edo furgoneta bat tartean delarik harrapaketa gertatuz gero, ahulenak min hartuko du beti, oinezkoak edo txirrindulariak zuzen errateko. Autoa tona bateko ibilgailu metalikoa da, eta oinezkoa hezur eta haragizko pertsona bat». Gainera, «kontuan hartu behar dugu urtez urte autoak gero eta handiagoak direla, eta jendeak beti bezain hauskorrak».

Are gehiago, «zer erranik ez oraingo SUV ibilgailuez, aitzinaldea goitisko dutenak; parean haur bat gertatuz gero, haurra ikusi ezin duten horiek. Hain zuzen, horien erruz oinezko eta bizikleten harrapaketak handitzen eta larritzen ari dira munduan».

Helburua nagusia «harrapaketak saihestea» izan behar duela adierazi dute, «eta gertatuz gero, oinezko eta bizikletazaleek ahalik eta zauri arinenak izatea. Horretarako abiadura mugatu behar da: herri barneko errepide nagusietan gehienez 30 kilometro orduko abiadura, eta gainerakoetan hortik beheiti. Zebrabideen aitzinean autoen abiadura moteltzeko konkorrak paratu behar dira, edo zebrabideak goratu. Abiadura moteltzeko erraiak mehartu daitezke, eta toki batzuetan chicaneak egin». Gainera, «bizikletazaleen segurtasunari buruz oroitarazi behar da urriaren 1az geroztik, herriguneetan erraiaren erditik joan behar dutela, eta autoek bortz metroko tartea utzi behar dutela».

Gehitu dutenez, «segurtasuna ez da gidari arretatsuen kontu soila, denok gara oinezko eta gidari, eta denok egiten ahal ditugu akatsak. Neurri zehatzak behar dira, kolektiboak eta egiturazkoak, norbanakoen akatsak saihesteko. Edo akats bat gertatuz gero, ez dadin bizi bat egon jokoan, oinezkoarendako arrunt desberdina izanen delako akats hori 30 km/h-tan edo 50 km/h-tan gertatzea. Hortaz, abiadura moteltzea bezalako neurriak gidari eta oinezkoendako dira onuragarri, segundo bateko akatsa bizi osorako drama bihurtzen ahal delako. Egin ditzagun jendeen neurriko herriak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun