[GUTUNA] Etxebizitza eta sozialismoaren mamua

Ttipi-Ttapa

Azken asteetan, etxegabetzeen harira izan diren protestak direla eta, iritzi artikulu hau partekatu nahi izan du Aritz Arrietak irakurleekin. 

Azken bi asteetan, eta bereziki berriki pasa den asteburuan, sare sozial zein komunikabideetan zabaltzen ari diren irudiek gogor jo dute azken urte hauetan bitarteko berdinetatik ezartzen saiatu diren pentsatzeko modu pesimista eta etsikorren aurka. Gizartearen faxistizazioa eta bereziki gazteriaren baitan kultura atzerakoiak joera natural baten gisan hedatzen ari zirenaren kontaketa ezartzen saiatu dira. Baina Marikarmen bat gehiago behar izan da kontaketa hori desmuntatu eta bertzelako aldarriek karrikak hartzeko. Marikarmenek zentroan etxebizitzaren problematika jarri badu ere, azken egunetan Euskal Herrian zein espainiar estatuko hiriburu aunitzetan karrikara atera diren aldarriak problematika hori gainditzen dute eta ortzi muga zabalago bat mahai gaineratzen.

Argi eta garbi gelditu da gaur egungo krisiaren erantzuleak eta horien konplizeak zeintzuk diren. Batetik, espekulatzaileak, gure oinarrizko beharrizanekin aberasten diren eta milaka lagun miseriara kondenatzen dituzten bankari, putre funts eta mota guztietako aberatsak. Bertzetik, horien etekin ekonomikoak bermatzeko politikak egiten dituzten kolore guztietako alderdi politiko instituzionalak, beraien polizia, epaile eta aparatu errepresibo osoarekin batera.

Gainera, protesta hauek karrikara eraman dituzte sozialismoak historikoki aldarrikatu dituen neurri zein printzipioak: langileriaren auto-antolakuntza, espekulatzaileak espropiatzea eta giza beharrizanen araberako ekonomiaren planifikazioa, bertzeak bertze. Protestek erakutsi digute langileria kontziente dela bere izerdiarekin eskuratu duen soldata mota guztietako aberatsen sakelak loditzera bideratua dela. Erakutsi digute kontziente dela instituzioek aberats horien interesen araberako politikak zein legeak egin, eta karrikako amorru antolatua kanalizatzeko eta erreprimitzeko funtzioa betetzen dutela. Egoera horretan, sozialismoak indarra hartu du eta langileria bere burua modu autonomoan antolatzen hasi da.

Sozialismoa izan da gehiengo sozialari bizi baldintza duinak ekarri dizkion proiektu politikoa. Gehiengo sozial hori langileria da. Langilea ez da lan aunitz egiten duena, lanean dabilena edo buzo urdinez janzten den industria langilea. Langileria bizirauteko lan egin behar duen oro da, bere soldataren erdia baino gehiago etxebizitza, garraioa, elikadura edo argiaren fakturak ordaintzera bideratzen duena. Hala ere, langileria ez da kolektibo homogeneoa. Askotarikoa da eta izateko modu partikularrak barnebiltzen ditu. Baina ezberdintasunak ezberdintasun, denek soldata behar dute bizirauteko. Zentzu horretan, sozialismoa ezberdintasun horiek bateratzen dituen proiektu politikoa da, langileriak sozialismoaren aldarri eta proposamenetan bere burua identifikatua ikusten duelako. Sozialismoa delako langileriaren lanaren fruituak gizartearen gehiengoarendako izanen den osasun sistemara, hezkuntza sistemara, elikadura sistemara edota etxebizitza eskubidera bideratzeko alternatiba bakarra. Gaur egun, lanaren fruituak, politikari instituzionalen babesarekin, gizarteko % 1 horren irabaziak handitzera bideratzen dira.

Gaur egungo ezkerrak modu guztiz populista batean Gramsciren metafora klasikoa bere egin du: krisi garaietan munstroak sortzen direla (faxismoari erreferentzia eginez). Baina erran gabe utzi du, modu kontzientean nire ustez, Gramscik munstroei aurre egiteko proposatzen zuena: sozialismoa. Azken egunetako protestak ernamuina bertzerik ez badira ere, sozialismoaren mamua bueltan da eta karrikak hartzen ari da. Orain, gure ardura da berriz ere sozialismoa indar politiko bihurtzea. Bide horretan urratsak emateko asmoz asteburu honetan Elizondon izanen da GKSk antolaturiko gazte topagune sozialista. Krisiaz, autoritarismoaz, etxebizitzaren auziaz, krisi ekologikoaz, sexualizazioaz eta nazio auziaz eztabaidatzeko aukera izanen da, bertzeak bertze. Problematika horiei irtenbidea emateko, jarrai dezagun sozialismoa bide eta ortzi muga izanen duen proiektu kolektiboa eraikitzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun