Utergak eta Agirrezabalak hirugarrenean irabazi dute Nafarroako Erremonte Txapelketa

Ttipi-Ttapa

Uterga eta Agirrezabala txapeldun eta Otxandorena eta Otano txapeldunorde, larunbatean Zubirin, finalaren ondotik.

Urriaren 3an Zubirin jokatutako finalean nagusitasunez (35-27) irabazi zieten Otxandorenari eta Otanori

Euskal Jai Erremonte Fundazioak antolatutako Nafarroako Foru Komunitateko Erremonte Profesionaleko XXI. Txapelketako finala jokatu zuten urriaren 3an Zubirin. Xanti Uterga doneztebarrak eta Agirrezabalak 35-27 irabazi zieten Eloi Otxandorena doneztebarrari eta Otanori, iazkoaren errebantxa hartuz. Hirugarren finala segidan zuten Utergak eta Agirrezabalak eta hirugarrenean irabazi dute.

Gorriek finaleko lehen hiru tantoak egin eta beti izan ziren aitzinetik. Hamar tantoko aldea ere agudo hartu zuten (15-5) eta urdinak bi tantora hurbildu baziren ere (17-15), 12-2ko partzial batekin, berrz ere hamabi tantoko aldea hartu zuten Utergak eta Agirrezabalak (29-17 eta 30-18). Bukaera aldera aldea murriztu zuten Otxandorenak eta Otanok, baina txapeletik urrun izan ziren beti.

Finaleko jaialdia Iturengo joaldunen soinuekin hasi zen eta lehen partidan, Zorion Zelaieta oiztarrak eta Markel Leatxe donamariarrak 30-27 irabazi zieten Osesi eta Xuban Ilarregi oiztarrari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun