Gaur Baztan-Bidasoko LABeko delegatuen batzarra egin dute Donezteben eta «egungo testuinguruaz eta eskualdeko zenbait kontuz aritu gara. Hala nola, egoera geopolitikoaz, Euskal Herriko testuinguruaz, borroka sindikalen garrantziaz, guttieneko soldata propioaren beharraz, sindikalismo feminista eta antiarrazistan aitzinera emandako urratsez, euskararen aurkako oldarraldiaz, enpleguaren defentsaz eta orokorrean euskal sindikalismo eraldatzailearen beharrez mintzatu gara».
Honez gain, «gaurko batzarra Legasako AMDS enpresaren itxieraren inguruan aritzeko ere baliatu dugu. Urte pasako itxiera prozesu baten ondotik, joan den irailaren 30ean bertan gelditzen ziren langileei sententzia eman baitzieten». LAB sindikatuak bertan ordezkaritzarik ez eduki arren, «itxiera prozesua hurbiletik segitu dugu. Horrelako itxiera baten aitzinean, langileon interesak defendatzen ez dituen ordezkaritza bat izateak zein ondorio dakartzan hausnartzeko ere baliatu dugu gaurko batzarra».
Hau horrela, «eskualdean LAB indartsu bat gorpuztearen beharraz» aritu dira, «izan ere, eskualdean sindikatua indartsu egoteak, eskualdeko jendearen bizi baldintzak hobetzea ahalbidetuko duela sinisten dugu. Horretarako eskualdean antolatuta gauden lantokietan lanean segitu eta antolatuak ez gauden lantokietan antolatu, hauteskundeak egin eta herritarron interesak erdigunean jartzearen garrantziaz ere aritu gara. LABek sindikalki, sozialki eta politikoki eragiteko tresna izan behar du».
Gainera, «azken asteetan etxebizitzaren auziak hartu duen norabideaz ere aritu gara, eta horregatik, gaurko batzarra baliatu nahi izan dugu datorren urriaren 17ko mobilizazioan parte hartzeko deia luzatzeko eskualdeko jendeari. Ezinbertzekoa ikusten dugu etxebizitza problematikari heldu, etxebizitzaren merkatuan esku hartu, espekulazioarekin bukatu eta eskualdeko herritarron bizitzak erdigunean jarriko dituen neurriak hartzea. Honez gain, eskualdera begira, Ernaik Etxebizitza duinaren alde lelopean urriaren 5ean Elizondoko plazan 19:30ean deituriko manifestazioan parte hartzeko deia ere luzatu nahi dugu».
Azkenik, «Baztan-Bidasoan lan eta bizi nahi dugulako, LAB sindikatura batzeko deia luzatu nahi dugu».