Zubietako Euskararen Eguneko txartelak asteburu honetan paratuko dituzte salgai plazan

Ttipi-Ttapa

Zubietako Euskararen Eguneko herri bazkarirako txartelak asteburu honetan eskuratu behar dira. Larunbatean herritarren eta herriarekin harremana dutenen txanda izanen da eta igandean beste guziena.

Inoiz baino egitarau zabalagoarekin eta ekitaldiak asteburu osora zabalduta, Zubietako Euskararen Eguna antolatu dute aurten herriko gazteek urriaren 9tik 11rako astebururako. Herri bazkarirako txartelak asteburu honetan jarriko dituzte salgai herriko plazan: larunbatean 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era (herritarrentzat edo herriarekin lotura dutenentzat), eta igandean, 12:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 19:30era (denentzat eskuragarri). 

Bakoitzak bi txartel erosten ahal ditu, gehienez ere. Helduen menuak 40 € balio du (iberikoak, entsalada mistoa, itsas zapoa eta txerri saiheskiak parrillan eginak, postrea, kafea eta kopa) eta haurren menuak 15 €.

Inoiz baino egitarau zabalagoa

Aipatu bezala, inoiz baino egitarau zabala izanen du aurten Zubietako Euskararen Egunak eta urriaren 9tik 11rako asteburu osora hedatuko da.

Urriaren 9an, ostiralean, 20:00etan pintxo lehiaketa izanen dute Errandonea ostatuan (pintxoak entregatzeko epea 19:00etatik 19:30era) eta trikipoteoa ere eginen dute. 21:30ean mus txapelketa jokatuko dute Errandonean.

Urriaren 10ean, larunbatean, bigarren aldiz, mendi lasterketa eginen dute 09:30ean abiatuko dira korrikalariak, baina 07:30erako hasiko dira dortsalak banatzen. 10:00etan hasita, herriko eskulangileen lanak egonen dira ikusgai eta erosgai plazan. Sarien zozketa ere eginen dute eta joaldunak ibiliko dira goizean. 12:30ean aizkora apustua: Mikel Indakotxea eta Jokin Larrieta; Mikel Santesteban eta Jesus Etxeberria eta Julen Urrutia eta Ioan Goikoetxea. Aizkora erakustaldia ere eginen dute Jagoba Santesteban eta Aimar Fernandez gazteek. Ondotik, mendi lasterketako eta tonbolako sariak banatuko dituzte. 14:30ean herri bazkaria (aipatu bezala, bazkarirako txartelak irailaren 26an eta 27an hartu behar dira). 16:30ean haurrendako ihes gela. 17:30ean 3Indarrok eletrotxaranga ibiliko da. 20:30ean Oilar Beltzak musika taldearen emanaldia. Ilunabarrean, Zubietako taloak izanen dira eta zezensuzkoa ibiliko da. 23:30ean hasita Baratxuri Beltzak erromeria taldea izanen da plazan eta gauerditik aitzinera gaupasa, DJ Alkaperen musikarekin.

Aipatu bezala, aurten igandean, urriaren 11n ere izanen du segida Zubietako Euskararen Egunak. 10:00etan auzolana eginen dute, 14:00etan paella jatea, 16:30ean bingoa eta 17:30ean Aresoko Familiaren emanaldia (Jaione, Jon eta lau seme-alabak).

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun