Joan den ortziralean eta larunbatean besta ttikiak ospatu zituzten Donezteben, eta tarte horretan, mus txapelketa, zezensuzkoa, musika, erraldoiak, gazte bazkaria, jokoak... Denetarik izan zuten.
Baina ortziralean gertakari larriak gertatu ziren, eta horien harira, adierazpen instituzionala argitaratu du Doneztebeko Udalak. Oroitarazi duenez, «bestak poztasunerako, topaketarako eta elkarbizitzarako guneak dira, eta ezin dugu onartu indarkeriak horiek belztea. Bestetan ere, pertsona guztiek modu libre eta seguruan gozatzeko eskubidea dute. Horregatik, besta giroan errespetua eta elkarbizitza hausten duen edozein indarkeria jarrera salatzen dugu». Horrekin batera, «gaitzespen irmoa» adierazi du gertatutako erasoen inguruan: «Gure gizartean eta gure bestetan ez du tokirik inolako indarkeriak. Pertsonen osotasun fisikoaren kontrako erasoak bizikidetza demokratikoaren kontrako eraso zuzenak dira».
Gisa berean, «herritar guzien segurtasuna eta askatasuna bermatzearen aldeko konpromiso irmoa» berretsi du eta «bestak guztiondako espazio seguruak izan daitezen, segurtasun kideekin lankidetza estuan» segituko duela gaineratu du.
Akitzeko, herritarrei egin die deia udalak, «indarkeria mota guztien aurrean tolerantzia zero izateko, jarrera horien kontra tinko planto egiteko eta elkarrekiko errespetuan oinarritutako bestak aldarrikatzen segitzeko» eskatuz.