[ARGAZKIAK] Harri altxatzearen historian sartu da Estefi Etxebeste iturendarra

Ttipi-Ttapa

Iturengo plaza marka historiko baten lekuko izan zen larunbatean. Iturengo Joaldunen Eguneko egitarauaren barrenean, herri kirol jaialdia antolatu zuten eta horren barrenean, herriko Estefi Etxebeste harri altxatzaileak errekor saiakera egitekoa zuen. 165 kiloko harria iragarria zegoen eta halaxe zuen markatua, baina pisatzerakoan 166,4 kilo eman zuen. Ikusmin handia piztu zuen marka saiakerak. Aitzineko errekorra Idoia Etxeberria oriotarrak egin zuen 2016an. Orduan 163,4 kilo altxatu zuen eta hori zen emakumeen errekorra azken hamar urteetan. Argazkiak: Ibon Errazu Uria

166,4 kiloko harria bi aldiz bizkarreratu zuen larunbatean Iturenen, sekula emakume batek altxatu duen pisurik handiena

Bada, 2026ko irailaren 19tik Estefi Etxebesteren izena egonen da idatzia kirol honen marka liburuetan. Izan ere, lehen saiakeran harria gibelera erori baldin bazitzaion ere, iturendarrak ez zuen kontzentraziorik galdu eta bigarrenean lortu zuen 166,4 kiloko harri laukizuzena bizkarrean berdintzea. Etxebeste eta Iturengo plaza bete zuten ikusleak pozez txoratzen. Oraindik, bertze saiakera bat ere egin zuen Etxebestek eta oraingoan ere harria altxatzea lortu zuen.

Ondotik etorri ziren besarkadak eta musuak: familiarenak, lagunenak, herri kirolarienak… Iñaki Perurena leitzarra ere, 300 kiloko harria lehen aldiz altxatu zuen gizasemea, Iturengo plazan izan zen eta Estefi Etxebesterekin argazkia atera zuen. Ondotik egin zen herri kirol erakustaldian, Udane Perurena Iturengo harri altxatzaile ttikiari ere lagundu zion Estefi Etxebestek. Izan ere, Etxebesteren errekorraren ondotik, Udane Ostolaza, Olaia Esnaola eta Udane Perurena aritu ziren harri altxatzen eta Eneko Otaño, Mikel Larrañaga eta Eneko Saralegi aizkoran, Iturengo jaialdian.

Historiarako marka, beraz, Estefi Etxebeste Giraldo iturendarrarena: 166,4 kiloko harria altxatu du Iturenen 2026ko irailaren 19an, emakume batek inoiz altxatu duen harririk handiena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun