Urrozko frontenis txapelketako final laurdenak ortzirale arratsaldean jokatuko dituzte

Ttipi-Ttapa

Final laurdenetako lehenbiziko partiduan, Oihan eta Jonan, Maite eta Imanolen kontra ariko dira, eta bigarren partiduan, Iñaki eta Iker, Uxue eta Julenen kontra. 

Bestak ate joka dituzte Urrozen, eta horrekin batera, azken hitzorduak lotzeko momentua ailegatu zaie. Frontenis txapelketa, adibidez, azken fasean sartu da. Asteburu honetan final laurdenak eta finalerdiak jokatuko dituzte eta orduan erabakiko dute finalean zein bikotek jokatuko duten. Finala bestetako lehenbiziko egunean izanen da. Gainera, irabazleek botako dute txupinazoa.

Zopak eta herri bazkaria

Bestetako otorduetara joateko, aitzinetik apuntatu beharko da. Lehenbiziko egunean, hilaren 25ean, zopak izanen dira, eta 40 euro ordainduta, baztan zopak, xuri eta beltxa, gisatua, postrea, kafea eta kubata edo kopa sartuko dira. Prezio hori izanen du irailaren 26ko herri bazkariko menuak ere (patea eta iberikoak, kroketak, entsalada epela, bakailaoa, txuleta, postrea, kafea eta kopa). Haurrendako menua, berriz, 15 eurotan izanen da (kroketak, solomoa patatekin eta izozkia). Bai zopetara, bai herri bazkarira joateko, apuntatzeko epea irailaren 20an akituko da. Zapateroren etxean edo Mariari erranda apuntatu behar da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun