Zubietako errotan Artoaren Museoa egiteko proiektuak 17.500 euroko aurrekontua du

Ttipi-Ttapa

Bi erakusketa-eduki izanen ditu Zubietako errotan eginen den Artoaren Museoak.

Artoaren Museoa orain Zubietako errotako dendak hartzen duen lekuan kokatuko dute. Lana Ula Iruretagoyena Busturia eta Naroa Oleaga Barandika enpresak gauzatuko du 17.500 eurotan (gehi BEZa).

Baztan-Bidasoan identifikatutako 33 arto barietate erakutsiko ditu eta hazien bankuaren funtzioa ere beteko du

Bi erakusketa-edukien (energia elektrikoarena eta tokiko artoarena) arteko hurbiltasuna kontuan hartuta, lanaren helburua errotako museoaren bi zatiak indartzea da. Orain, errotaren beheko solairuaren azpian dagoen makineriaren argiztapena hobetuko dute. Eremu hori dagoeneko bisita gidatuaren ibilbidean sartuta dago, baina argiztapen faltagatik nolabait desitxuratuta gelditzen dira bisita horiek.

Artoaren Museoko oinplanoa, Zubietako errotan.

Museoko aretoan hemengo artoaren erakusketa eginen dute, errotaren «leiho historiko baten inguruan» egituratuta eta 4,2 x 4,35 metro koadroko espazioa izanen da. Tokiko artoaren alderdi museografikoak bai landareari eta botanikari buruzko informazioa eta baita nekazaritzari buruzkoa ere bilduko ditu. Testu, marrazki eta argazkiekin panel grafikoek osatuko dituzte leihoaren alde batean jarriko den informazioa.

 

Baztan-Bidasoan identifikatutako 33 arto barietateak ikusgai

Bestalde, dagoeneko Baztan-Bidasoan identifikatuta dituzten 33 arto barietate erakutsiko dituzte. Barietate bakoitzaren ezaugarriak euskaraz azalduko dituzte paneletan, baina QR bidez informazioa aukera linguistiko gehiagotara zabalduko dute. Erakusketak bisitarien artean arto haziak trukatzeko aukera ere eskainiko du, museoak artoaren laborantza sustatzeaz aparte hazi bankuaren funtzioa ere beteko baitu. Azken batean, tokiko artoa ardatz izanen duen museo bihurtu nahi dute errota. Erakusketari edukia emanen dion dokumentazio museografikoa ikerketa bibliografiko batekin eginen da alde batetik, eta tokiko eragileekin eginen diren lan mahai batzuen laguntzarekin osatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun