Joaldunen eguna eginen dute larunbat honetan Iturenen

Ttipi-Ttapa

Joare soinuz inguraturik eta besta giroan pasatuko dute larunbata Iturenen.

Larunbat honetan, irailak 19, Iturengo Joaldunen eguna ospatuko dute bertze urte batez. Egun osoko egitaraua antolatuta dago herritarrak musikaren, aizkoraren eta joareen erritmora gozatu dezaten. Horrez gain, Estefi Etxebestek errekor ahalegina eginen du 165 kiloko harria altxatzen saiatzen. 

Larunbata egun seinalatua Iturenen

Goizean joaldunak eta trikitilariak baserriz baserri ibiliko dira eguerdian Lasagara bisita egin eta herriko plazara jautsi arte. 13:30ean errekor ahalegina eginen du Estefi Etxebestek 165 kiloko harriarekin, emakume batek sekula altxatu duen harririk handiena altxatzen saiatzen. 13:45ean, Udane Ostolaza, Olaia Esnaola eta Udane Perurena ariko dira harri altxatzen eta Eneko Otaño, Mikel Larrañaga eta Eneko Saralegi berriz, aizkoran. Ondotik, Aitor Mendiluze eta Unai Agirre bertsolariak ariko dira bertan eta 15:00etan herri bazkaria izanen da. Arratsaldean, Andoni akordeoilariaren musikarekin dantzan eta kantuan aritzeko aukera izanen dute iturendarrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun