Estefi Etxebestek harri handienaren errekorra hobetu nahi du larunbatean Iturenen

Ttipi-Ttapa

Estefi Etxebestek 150 kiloko harria bitan altxatu zuen 2025eko abenduan, marka pertsonala eginez. Orain 165 kilokoarekin saiatuko da, errekorra egiteko. Argazkia: Ibon Errazu

Irailaren 19an ospatuko da Joaldunen Eguna Iturenen eta ohiko ospakizunekin gozatzeaz batera, errekor handi baten lekuko ere izan daitezke. Estefi Etxebeste herriko harri altxatzaileak errekor ahalegina eginen du, larunbatean 13:30ean Iturengo plazan. 165 kiloko harri laukizuzenarekin saiatuko da, emakume batek sekula altxatu duen harririk handiena. Hain zuzen, 2016tik Idoia Etxeberria oriotarrak dauka errekorra, 163,4 kilorekin. Estefi Etxebestek joan den urteko abenduan 150 kiloko harria altxatu zuen bi aldiz, bere marka pertsonala eginez.

165 kiloko harriarekin saiatuko da, emakume batek sekula altxatu duen harririk handiena

Etxebesteren errekor ahaleginaren ondotik, Udane Ostolaza, Olaia Esnaola eta Udane Perurena ariko dira harri altxatzen eta Eneko Otaño, Mikel Larrañaga eta Eneko Saralegi aizkoran, Iturengo jaialdian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun