Mende erdi honetako Doneztebeko elkartearen historia biltzen duen bideoa ikusteko bi emanaldietara ere hainbat lagun joan da, baita erakusketara ere
50 urte hauetan, modu batean edo bertzean, Errekaren parte izan direnen asteburua izan da, Joseba Legarra gaur egungo alkateak, bazkarian aipatu zuenez: «Sekzio guztiena, belaunaldi guztiena, jokalariena, entrenatzaile, laguntzaile, zuzendaritza, babesle eta urte hauetan bere denbora eta bizitzako zati bat elkarte honi eskaini diotenena». Horren erakusgarri, elkartearen lehengo eta oraingo presidenteek (Alfredo Zumarramurdi Zozaia, Pedro Martinez Martinez, Emilio Zabala Gonzalez, Luis Goñi Oyón, Pedro Bañares Ziganda, Juan Telletxea Urroz eta Joseba Legarra Erasun) hartu zuten lekuko erraldoia eta Javier Blas zena ere gogoan izan zuten, momentu hunkigarri batean.
Erreka elkarteak dioenez, «asteburu honetatik eramaten dugun gauzetako bat da Errekaren parte izatearen harrotasuna handitzen ari dela ikustea da. Elkarte honen gibelean emaitza eta tituluak baino aunitzez gehiago dagoelako: jendea dago, ilusioa dago, lana dago eta gauzak egiteko bertze modu bat, harro sentiarazten gaituena. Lan aunitz gelditzen zaigu egiteko eta bide luzea dugu oraindik aitzinean».