Artzantzuloko leizea. Halaxe du izena Ezkurrako Beraitz mendian, pago tartean, dagoen leizeak. Herrian aspalditik da ezaguna; herritik kanpo, berriz, azken hilabeteotan egiten ari da ezagun, historiaurreko giza hezurrak aurkitu dituztelako, Brontze Arokoak zehazki.
Baina gehiago sakontzen segitu nahi du Herriko Etxeak, eta EHUko Antropologia Saileko adituen ikerketa proposamenari baiezkoa ematea erabaki du. Hezur aztarna gehiago edo bestelakorik ote dagoen ikertu nahi dute, «historiaurreko garai hartako bizimoduari buruz informazioa biltzeko» baliagarri izan daitekeela iritzita. Horren harira mintzatu da Ana Otxandorena Telletxea zinegotzia TTIPI-TTAPArekin.
Abiapuntua
Bi herritarrek egindako aurkikuntza izan zen abiapuntua. «Joan den urteko uztailean, Bautista Mariezkurrena eta Jaime Gastearena herritarrek kobazuloan zenbait hezur aurkitu zituzten», kontatu du Otxandorenak. «Sorpresa handia hartu zuten, batez ere giza hezurrak zirelako».
Geroztik bateko eta besteko ateak jotzen ari dira. Hezurrak aurkitutakoan, «udala Koro Mariezkurrena arkeologoarekin harremanetan jarri zen, eta bere bitartez, Vianako Printzea Erakundera eta Javier Bustelo espeleologoarengana jo genuen. Aizpitarte Espeleologia Taldeak Artzatzulon ikuskapen zehatza egin zuen eta hezurren datazioa egitea komeni zela adierazi zigun, noizkoak ziren jakiteko». Zehaztu duenez, «Vianako Printzea Erakundeko espeleologoak eta arkeologoak ere aritu ziren». Data paratzea izan zen hurrengo pausoa: «Conchi de la Rua EHUko adituarengana joan ginen, eta bere bitartez, hezurrak Uppsaako Unibertsitateko Laborategira bidali genituen. Horren arabera, iduri du Brontze Arokoak direla».
Diru bilketa
Ez dute hor bukatu bidea. Aurkikuntza horien garrantzia kontuan hartuta, EHUko Antropologia Saileko adituek ikerketa sakonagoa egitea proposatu diote Ezkurrako Udalari, «hezur arrasto gehiago edo bestelakorik ote dagoen jakiteko». Eta udalak proposamena onartzea erabaki du: «Aurrera segitu nahi dugu. Basaburu aldean historiaurreko bizimoduari buruz gehiago jakiteko balio izaten ahal du, eta kulturari dagokionez, balio handia du». Argitu duenez, «Diego Lopez de Onaindiak zuzenduko du proiektua, eta Euskal Herriko eta Bordeleko unibertsitateetako adituek ere parte hartuko dute, baita Koro Mariezkurrenak ere. Azterketa kobazuloko leku estrategikoan eginen dute».
«Ekarpena egiten duten partikularrek % 80ko kenkarira izanen dute errenta aitorpenean»
Ana OTXANDORENA TELLETXEA, Ezkurrako zinegotzia
15.000 euroko aurrekontua duen proiektua dute esku artean, eta horretarako, dirua biltzen hasi dira. Gehiago ere bai. Nafarroako Gobernuak kultur interesekotzat jo du Artzantzuloko leizea ikertzen segitzeko proiektua, Mekna ziurtagiria aitortuz. Eta horri esker, partikularrek egindako donazioek % 80ko kenkaria dute errenta aitorpenean (lehen 250 euroetan). Konparazio batera, «norbaitek 50 euroko ekarpena egiten badu, Ogasunak 40 euro bueltatuko dizkio errenta aitorpenean. Enpresek egindako donazioen truke, berriz, % 30 bueltatuko ditu Ogasunak (lehen 300 euroetan)».
Diru ekarpenak abenduaren 31ra arte bilduko dituzte eta nahi duenak udalaren kontu zenbakian egiten ahal du (ES94 3008 0050 3841 6713 2820). «Norbaitek lagundu nahi badu, asko eskertuko diogu».