Xabi Aburruzaga trikitilaria izanen da Dorrealdiko protagonista larunbat honetan Donamarian

Ttipi-Ttapa

Eugenio Tamayo antolatzailea, Natalia Rekarte Donamariako alkatea eta Josean Marin kolaboratzailea, Dorrealdiaren aurkezpenean.

Dorrealdia festibalaren seigarren edizioa eginen dute larunbat honetan, irailaren 12an, Donamarian. Aurtengo Dorrealdia ere, hitzordu solidarioa izanen da, bildutako dirua Kurdistango Mirzo Music Foundationentzat izanen baita.

Xabi Aburruzaga trikitilari ezagunaren emanaldia 19:00etan hasiko da Donamariako frontoian. Sarrerak Donamariako Herriko Etxean edo kontzertua baino lehen erosteko aukera izanen da, 15 eurotan. Eta aipatu bezala, bildutako dirua Mirzo Music Foundationera bideratuko dute.

Mirzo Music Foundation Gani Mirzo musikari kurdu-siriarrak sortutako irabazi asmorik gabeko fundazioa da, musikaren eta artearen bitartez, gerraren eta integrismo islamiarraren biktima diren herritarrei itxaropena ematea du helburu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun