Goizean, 11:00etan, bertsoa, musika eta pilota uztartzen dituen Plaza Zaharrak Bizirik ekimenaren saioa izanen da Labaiengo plazan. Musika jotzeaz Ekiñe Mindegia eta Irati Mindegia arduratuko dira, pilotan Oinatz Bengoetxea eta Aitor Alduntzin, Ugaitz Elizalde eta Zuhaitz Barbarinen kontra ariko dira. Xabat Illarregi eta Ekhiñe Zapiain bertsolariekin borobilduko dute saioa.
Ez da eguneko hitzordu bakarra izanen. 19:00etan, Beintzako elizan, Mikel Markez eta Esti Markez kantariak, Beñat Mitxelena akordeoilaria eta Uxue Ibarra eta Aitor Ibarra musikariak ariko dira. Kontzertuaren ondotik, talo jatea eginen dute Zubietako talogileekin.