Neskato ttikia zela Txaikovskiren Intxaur hauskailua balleta ikusi eta dantzarekin maitemindu zen Iratze Recio de Lera. Ongi gogoan ditu bere lehenbiziko dantza pausoak: «VHSa jartzen ikasi nuen eta buklean jartzen nuen Intxaur hauskailua. Etxeko egongelan beraiek egiten zutena imitatzen saiatzen nintzen». Bost urterekin hasi zen ballet eskolan eta argi ikusi zuen hori zela landu nahi zuen bidea: «Irungo eskola batean hasi nintzen eta hamabi urterekin Biarritzera eraman gintuzten proba bat egitera, hamalau urterekin Zaragozako Maria de Avila dantza estudioan hasi nintzen ikasten eta lau urte egin nituen bertan. Gauetan ikasi eta egunez dantzan aritzen nintzen. Apustu handia da adin horrekin etxetik kanpora joan behar izatea, baina nik oso argi nuen hori zela nahi nuena». Beharrezko babesa ere izan zuen etxean: «Lehenbiziko momentutik ama aldamenean izan nuen eta bere babesari esker nire ametsa betetzeko aukera izan nuen».
Zaragozatik Bartzelonara egin zuen jauzi eta bertan hamar urtez aritu zen konpainia batean dantzan. Paris, Belgika...hainbat eszenatokitan aritu zen dantzan, baina pixkanaka fokupetik aldendu eta irakasle lanetan hasi zen. Duela hamar bat urte izan zuen etxera itzultzeko aukera, «Irungo dantza eskola batean hasi nintzen lanean, gero Gipuzkoako hainbat eskoletan ibili nintzen: Oreretan, Tolosan, Irunen...». Eta halako batean Doneztebeko Rebeca dantza akademiaren erreleboa hartzeko aukera suertatu zitzaion: «Horixe izan zen Hor Dago dantza akademiaren abiapuntua».
Hiru oinarri
Hiru hitzetan laburtu du zein den Hor Dago akademiaren funtsa: «mugimendua, zaintza eta komunitatea». Azaldu du mugimendua eboluzioarekin lotzen duela: «Etengabe eraldatzen, hazten... ari den eskola da. Aukera berriak eskaini nahi ditugu». Horri lotuta, bi proiektu interesgarri dituzte esku artean: «Bat emozioari lotutakoa eta bestea, dantzari profesional izan nahi dutenei zuzendutakoa. Dantzako ikasketak egin nahi dituztenen bidelagun gara». Izan ere, ikasle bakoitzaren beharrak zeintzuk diren identifikatu eta laguntzen saiatzea da beraien asmoa: «Ikasleak zaintzea. Zuzeneko harremana izatea, tratu goxoa, hurbila... eskaintzea». Jakin badaki, askorentzat bere klaseak arnasbidea direla: «Eguneroko zurrunbilo eroan beharrezkoa duten tartea hartu eta norbere burua lehenesten duten momentua da».
Komunitatea osatzea ere bada beste helburuetako bat: «Dantzak lotzen gaitu eta familia izaera hori ere landu nahi dugu». Horretarako ekintza osagarriak eskaintzeko asmoa dute: «Horren adibidea da ikasturte bukaeran antolatzen dugun jaialdia. Ikasleentzat bakarrik ez, familientzat ere bada ekintza hau. Eskolatik kanpo ere harreman sare bat sortzea da asmoa».

Eskaintza zabala
Haur txikiei zuzendutako hastapen-ikastaroetatik hasi eta mailaz maila, «gazte eta helduentzat ere eskaintza zabala» dutela azaldu du: «hemen denentzat ditugu ateak zabalik». Helduen taldean jarri du azpimarra: «argi utzi nahi dugu heldua bazara ere dantzatu dezakezula. Badago jende asko arantza hori barrenean duena. Nik ez dut zalantzarik: probatzen badute, gustatuko zaie». Izan du hori horrela dela ikusteko aukera: «82 urteko emakume bati eman izan dizkiot balleteko klaseak eta zoragarria da bera dantzan hunkituta ikustea».
Denei eman nahi diete aukera eta horretarako, hainbat ikastaro eskaintzen dituzte: «Dantzako hastapena, balleta, dantza garaikidea, jazza, hip hopa, baita zunba, pilates eta tonifikazioa ere». Aukeraketan laguntzeko, «lehenbiziko probako klase bat dohainik egiteko aukera» ematen dute: «Interesgarria da zer aukeratu ez dakitenentzat. Jendeak ezustekoak ere hartu ditu. Badira hip-hopa nahi zutela esanez etorri eta balletean bukatu dutenak. Probatu egin behar da gustuko duzuna zer den jakiteko».
Dantzaren onurak zeintzuk diren ere azaldu du Reciok: «Gorputza aktibo mantentzea beharrezkoa da eta dantza bada horretarako bidea, baina hori baino askoz gehiago da. Dantza arimaren lengoaia da, adierazteko eta konektatzeko modu sakonena». Alderaketa ere egin du: «Dantza konexio berezi bat da, ez da kiroldegira joatea bezala; izerdi pixka bat bota eta etxera noa. Dantzan ari garenean, kirola egiteaz gain emozioekin ere ari gara lanean. Mugimenduaren bidez barrenean dugun hori adierazten dugu. Dantzarekin pozak, tristurak… dena adieraz daiteke».

Irakasle bezala, aberasgarria da beretzat hori: «Koreografia bat sortzen duzunean, ederra da gorputz bakoitzean partitura hori zeinen desberdina den ikustea. Nik beti esaten dut pasta zuria jartzen dudala eta saltsa beraiek jartzen dutela. Emaitza asko aldatzen da. Asko gustatzen zait begira jarri eta bakoitzak dantza hori nola bizi duen ikustea».
Pixkanaka-pixkanaka helburuak lortzen dituztela ikustea ere «ederra» dela gaineratu du: «Eguneroko lanarekin pausoz pauso hobetzen doazela ikustea». Horregatik, gonbidapena luzatu du: «Probatzera animatuko nituzke, ezezkoa hor dute. Eta probatu eta gustuko ez badute, ez dute konpromisorik. Batzuk esaten dute arritmikoa naiz, ez dakit dantzan… ba horixe da asmoa, ikastea. Beste gauzak ikastera joaten garen bezala hona ere etortzea eta elkarrekin dantzan gozatzea».