Eskubaloian momentu txarrak ezagutu ditu, «baina gehiago onak: 2012-2013an final four-en sartu ginen eta 2018an liga eta kopa irabazi genuen». Eta aurtengoa «latza» izan da, «jaun eta jabe izan dira, liga irabazi, igoera fasea irabazi talde hagitz fuerteen kontra, meritu handi du». Marizkurrenarentzat Erreka «familia handi bat da, eskatu gabe ematen duen jendearekin, non jende aunitz inbolukratua dagoen, musutruk, ez du inork kobratzen, denak lanerako prest… Gaur egun arras zaila da hori. Alemanian izan nintzenean erraten nuen hori eta ez zuten sinisten ahal». Etorkizunera begira, ez du erraza ikusten horrela segitzea, «gizartea gero eta indibidualistagoa da, zerbait egiteko jendeak zerbait bueltan behar du… Errekan oraingoz ez da halakorik eta pena izanen litzateke printzipio horiek galtzea. Noizbait akitzen bada pentsatu beharko dugu bertze modelo bat, baina oraingoz lanean segitzeko gogoz dago jendea».