Astearte eta ortzegunetan egiten dituzte entrenamenduak eta tarteka konpetizioetara ateraldiak suertatzen zaizkie, «gehien bat Nafarroakoak eta maila gehien dutenek, baita ipar sektorekoak eta Espainiako txapelketakoak ere». Ttikitatik hasi zen judoan Noelia Ariztia, eta horixe da Errekarekin duen harremanik handiena. Halere, «dantzak ere egiten nituen umea nintzenean, baina orduan uste dut dantza talde ez zegoela Errekan sartua». Errekaren ibilbidea ilusioz ikusten du, «belaunaldiz belaunaldi gero eta indartsuagoa dago, kirol ezberdinetan lanean ari da gogotsu… Kirola sustatzeko lan horretan gaztedia ere ilusioz ari da eta lehendik gaudenekin, elkarri laguntzen aitzinera ateratzen ari gara, pixkanaka handitzen». Etorkizunera begira segida polita ikusten dio Errekari, «inolako dudarik gabe».