«Urte aunitzez azpi azpian» aritu ziren eta gero mantso-mantso handitzen joan ziren eta bi liga ere irabazi zituzten eta bi igoera fase jokatu zituzten, igan gabe. Hasieran, gizonezko helduen taldea «aunitzetan zazpi lagun ezin elkartuz» eta «gehienez» mutil jubenilen taldea izaten ziren, «baina segitu genuen eta orduan ez uzteak ekarri digu orain garena izatera. Orduan utzi izan bagenu, akabo Erreka!». Gero, Nafarroako Kirol Jokoen bidez hasi ziren ttikiagoak hasi zen, neskak ere… «eskolen arteko lehia izaten zen, eskubaloia, futbito, saskibaloia eta herri kirolak».
34 urterekin jokatzeari utzi eta entrenatzaile hasi zen, 2020an jubilatu zen arte. «Neskak ttikietan eta aritzen ziren, baina ikaragarri kostatu zaigu neska helduen taldea egitea. Adin batera ailegatzean kanpora joaten ziren ikastera eta uzten zuten».
Hasieratik bizpahiru gauza garbi zituzten: «Kluba Malerreka osokoa izatea, ez Doneztebekoa bakarrik, horregatik du izena Erreka; bigarrena, hemen dirurik ez zela eta boluntario izatea eta hirugarrena, jendeak eskatzen zuen kiroletan sartzea. Eta hori egin dugu: mendi ateraldiak, Bortz Kirol, herri krosa… Norbaitek ardura hartu eta Errekak babesa ematen dio, aterpea emanez. Ongi ateratzen dena jarraitu, eta funtzionatzen ez duena, utzi…».
«Errekak etorkizuna izanen du, kirol egiteko gogoa eta oinarria dagoen bitartean»
Maila nazionaleko esperientziari dagokionez, gauza bat garbi utzi nahi du Mindegiak: «Gurea herri ttiki bat da, eta herri ttiki batean ezin da sekulako klub handia izan, dirurik ez dagoelako, hori garbi dago. Denen artean behinik behin urte bat kategoria horretan jokatzea erabaki da. Aurrekontua aunitz igotzen da. Ilusioak ezin dira kendu, baina klubak jakin behar du bere lekua zein den eta ezin da amets faltsu batean bizi. Etorkizun ona izanen du klubak, kirol egiteko gogoa dagoen eta oinarria dagoen bitartean. Gogoa baldin bada Errekak erantzunen du, Malerrekan sekulako sarea muntatua duelako. Urteetan zehar, jende aunitz ibili da eta horrek sarea egiten du. Hor beti izanen dugu jendea laguntzeko prest. Aurten goia jo dugula uste dut, ikaragarria izan delako, izanen dira garai motelagoak, baina sarea hor dago. Mendian hasi ginenean mendirako afizioa sortu nahi genuen eta hori lortu dugu. Hamabortzero ateraldi bat antolatzen hasi ginen, izugarrizko jendetza joaten zen eta gero jausten hasi zen, baina zergatik? Beraien gisara mendira joaten hasiak zirelako. Jendearen asmoen arabera funtzionatu behar du klub batek, egokitu behar du».
Oraingo umeek hori ikusten eta ikasten dutela uste du Mindegiak: «Hori Errekaren Eguneko afarian ikusten dut, jendea kanpoan utzi behar izaten dugu. Hori izugarria da! Bada zerbait, horrek ilusio bat gorpuzten du eta ilusio hori denen barrenean dago eta hori sentitzea gauza ederra da. Horrek mugitzen ditu barrenak eta barrenak mugitzen direnean, diruak lortzen ez dituen gauzak lortzen dira».