«Ez da entenditzen Doneztebeko familia bat Errekarik gabe»

Ttipi-Ttapa

Pedro Bañares, lehen zuzendaritza batzordean diruzain lanak egiteaz gain, txirrindularitza ataleko bokala izan zen. Geroztik, Errekako presidente ere izan zen sei bat urtez.

Pedro BAÑARES, lehen zuzendaritza batzordeko diruzaina eta txirrindularitza ataleko bokala.

Duela 50 urte Erreka sortu zenean, elkarteko diruzaina eta txirrindularitza ataleko bokala zen Pedro Bañares. «Lauzpabortz jende hasi ginen, zerbait egin behar zela ikusi genuelako –dio–. Kirola egiten zuen jendea bazen, baina bakoitzak bere modura. Orduan, eskubaloian ere aritzen ziren eta denen artean ordaintzen zituzten desplazamenduak, materiala…».

Geroztik, lehendakari ere izan zen sei bat urtez. «Niretako dena izan da Erreka, baina hasi ginenean ez genuen pentsatzen 50 urte beranduago hain indartsua izanen zenik. Familia guzietan bere kluba bezala sentitzen da, igual sobera da, baina kasik erranen nuke ez dela entenditzen Doneztebeko familia bat Errekarik gabe. Eta aurtengoa izugarria izan da». Etorkizunera begira ere «jendea gogoekin» ikusten du. Lehen urtean, dirua lortzeko egindako Eguberrietako loteriarekin izandako gorabeherak ere gogoan ditu: «guardia zibilaren kuarteletik deitu zidaten, salaketa bat izan zela, klub eta elkarte guzietan loteriari ematen zaion %20ko errekargo hori kobratzeko baimenik ez genuela erranez, kartzela zigorra ere izan genezakeela. Ikara ederra hartu nuen, zuzendaritza batzordeko bertze kideak abixatu eta ea zer egiten ahal genuen pentsatu genuen. Ez dakit nola, hor gelditu zen gauza».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun