50 urte beteta ere, Erreka bere bidean

Ttipi-Ttapa

Errekak kantxaratu zuen lehen eskubaloi taldeetako bat. Argazkia: Erreka KE

Doneztebeko Erreka Elkarteak 50 urte bete ditu eta, eskubaloian, inoizko denboraldi onenarekin borobildu du. Irailaren 12rako ospakizun «xume» bat ere prestatu dute, mende erdi honetako historia ezagutzera eman eta etorkizunera begira indarra hartzeko

Estatutuetan data zehatzik agertzen ez bada ere, 1976an sortu zen Erreka elkartea. «Ideia hasiera batetik kirol elkarte bat egitea zen, eta bertan ateratzen ziren kirol eta ekitaldi desbedinak sartzea. Egia da eskubaloia hasieratik egon zela. Bazegoen mutil talde bat Elizondoko FPan eskubaloian aritzen zena. Gero handik Arizkunera joan ziren eskubaloian jokatzera. Eta hango taldea utzi eta Erreka sortu zenean, hemen jokatu zuten». Hala aipatu digute gaur egungo lehendakari eta idazkari diren Joseba Legarrak eta Pablo Elizondok. Gehien bat eskubaloia lantzen hasi baziren ere, estatutu haietan ageri denez, bertze kirolak ere lantzeko asmoa zuten eta batzordean bokalak zituzten eskubaloia (Javier Blas Setuain), txirrindularitzan (Pedro Bañares Ziganda), atletismoan (Manolo Otero Dueñas), pilotan (Tiburtzio Arraztoa Urrutia), mendian (Javier Juankorena Sedano), baita futbolean ere (Javier Ostiz Apeztegia). Alfredo Zugarramurdi Zozaia izan zen lehen lehendakaria, Javier Blas Setuain lehendakari orde, Maria Teresa Ibarrola Manterola idazkari eta Pedro Bañares Ziganda diruzain.

1976ko eskubaloi taldea Doneztebeko pilotalekuan. Goitian, ezker-eskuin: Javier Blas (entrenatzaile eta presidente ordea), Alfredo Zugarramurdi presidentea, ?, Prieto beratarra, Miguel San Miguel, Javier Ostiz, ?, eta Paco Liaño delegatua. Beheitian, Jose Ignacio Zabala, Santi Bereau, Jesus Mari Telletxea, Luis Rojo lesakarra eta Legasako Jesus Mari Oteiza.

 

Eskubaloiaren ondotik, urte pare bat beranduago, herri krosa ere antolatzen hasi ziren. Kirol jardueretan eta ekitaldietan ez ezik, herriko bertze ekitaldietan presentzia izaten zuen Errekak, lagunduz, antolatuz… herriko bestetan, Eguberrietan Errege Kabalkada… Eskubaloiari dagokionez, urte luzez frontoian aritu ziren, «2000. urtean kiroldegia egin zen arte». Hasieran eskubaloi talde bakarra zegoen, gizonezko helduena, «eta jende guttirekin, gainera. Batzuetan kostata elkartzen ziren zazpi jokalari partiduak jokatzeko, batzuetan azken orduan tinbreak jotzen ibiltzen ziren jendea mugiarazteko, igande goizetan bereziki…». Garai hartan jokalari eta ondotik, 30 bat urtez entrenatzaile izan zen Txomin Mindegia historikoak aipatu digunez, «ordukoak ez zuen zerikusirik gaur egungoarekin, aunitzetan taldea ezin osatuz ibiltzen ginen, talde bakarra… Orain, adin guztietako hainbat talde daude eta nahiz eta dena boluntario ari diren, "profesionalizatuagoa" bezala da, dena zuzenago egiten da».

«Azken 15 urteotan emakumeen fitxa kopuruak gorakada izan du, eskubaloian bereziki»

Izan ere, urte guzti hauen izandako eboluzioa aipatzekoa da, «urtetik urtera jende gehiago inplikatu da. Elkartearen oihartzuna aunitz zabaldu da. Aipatu beharra da Doneztebeko elkartea izanagatik, Malerrekako elkarte sentitzen garela, kirolari eta parte hartzaile gehienak Doneztebekoak izanagatik, normala den bezala, Malerrekako herri guztietako jendea ibili delako eta ibiltzen delako Errekan». Azken denboraldi honetan, adibidez, 270 eskubaloi jokalari izan dituzte, hamar taldetan banatuak». Azpimarratzekoa da azken hamabortz urtetan kirolean ari diren emakumeen kopuruak izan duen gorakada, «eskubaloian bereziki».

Errekako gizonezkoen eskubaloi taldea 1980. urte inguruan, garaikurrarekin.

 

Urte borobila eskubaloian

Errekarentzat «garaipenak eta lorpenak ez dira helburu nagusia», baina halere, aipatzekoa modukoak dira horietako batzuk. 2014an Nafarroako kirol elkarte hoberenaren saria eman ziguten, afiziorik onenaren saria ere hartu dute. Eskubaloian, mutilek Nafarroako bosgarren liga irabazi dute aurten eta lehen aldiz maila nazionalean jokatuko dute datorren denboraldian. Emakumeek ere, historian lehen aldiz, Nafarroako liga irabazi dute. Esku pilotan ere hainbat Herriarteko txapelketa irabazi dira Doneztebe ordezkatzen, bai Nafarroakoak, baita Euskal Herrikoak ere. Guretzat ez dira helburuak, gustura eta kontent hartzen ditugun opariak baizik, eta ospatzen ditugunak, nola ez! Gure helburua gainerako guztia da, herri bizia, kirola egiteko aukerak ematea, hainbat egitasmo ateratzen laguntzea, gure kultura, ohiturak eta hizkuntza babestea...». Kirolarien kopuruak ez ezik, bazkideenak ere goiti egin du: «orain dela hamabotz urte 370 bazkide inguru zeuden eta momentu honetan 550 inguru ditugu».

«Urterik urtera jende gehiago inplikatu da, elkartearen oihartzuna aunitz zabaldu da»

Kirolari, dantzari, parte hartzaile, fitxei... dagokionez, 15-20 urte hauetan goituz joan da urtetik urtera, «bai atal berriak sortuz joan direlako edo herrian zegoen bakarren bat Errekan txertatu delako (dantzari ttikien taldea erraterako), eta baita zeuden ataletan jende gehiagok hartzen duelako parte. Urte hauetan hirukoiztu egin izanen dela erranen genuke. Momentu honetan 780 inguru fitxa/kirolari/parte hartzaile/dantzari ditugu urte edo denboraldi osoan parte hartzen dutenak. Urte edo denboraldi guztian atal desberdinekin egiten dugu lan, astez asteko entrenamenduak eta lehiatzen direnen kasuan asteburuetako partiduak, txapelketetan parte hartzea edo/eta emankizunak (dantzarien kasuan azken hau; herrian bertan eta Malerrekako herri desberdinetan ematen dituztenak, uda partean bereziki)».

Errekaren eta Baztanen arteko eskubaloi derbia, 1980. hamarkadan.

Hori, bertzelako ekitaldietan parte hartzen dutenak kontutan hartu gabe. Ekitaldi horietako batzuk aipatzearren, urteroko egitarauan finkatuak daudenak, Mendiaren Eguna, Gabon gau egunean Saioa mendira irteera, Urtezahar egunean Mendaurrera ateraldia eta San Silvestea, Herri Krosa, Bortz Kirol Txapelketa, Errekaren Eguna, Erreka Dantza Taldearen bestetako emanaldia, Udako kirol eskola, igeriketa ikastaroa… denak Errekaren eskuetatik pasatzen dira. Eta beti badira urteren batean egiten direnak, bertze batean ez… «Azken hiru urtetan egin ez dugun arren, aitzinetik urte aunitzez esku pilotako Malerrekako txapelketa eta Josetxo Ezkurra Txapelketa ere antolatu ditugu. Aldiz, azken urteetan Bortz Kirol pilota txapelketa antolatu dugu». 

Errekako emakumeek eskubaloi liga eta kopa irabazi dituzte denboraldian, biak historian lehen aldiz.

 

50. urteurrena gogoan, irailaren 12an ospakizuna 

50. urteurrenaren harira, «orain arte keinu ttikiak egin ditugu burututako jarduera edo ekitaldietan. Logoa ere sortu dugu eta Guerreras Iberdrola nesken eskubaloiko lehendabiziko mailan lehiatzen den Atarrabiako Beti Onak taldeak aurredenboraldiaren zati bat, aste bat, Donezteben egin du. Berriki Errekako harrobian hazitako Niko Mindegia doneztebarra fitxatu duen Asobal ligako Bidasoa-Irun taldeak ere aurredenboraldiko partidua jokatu zuen abuztuaren 20an Donezteben, Zaragozako BM Contazara taldearen kontra. Errekako gizonezkoek ere lagunarteko zenbait partida jokatu dituzte egunotan. Errekaren 50 urteotako ibilbidea biltzen duen dokumental bat sortu dugu». Dokumental horren lehen emanaldia irailaren 11n eginen dute, 19:30ean zineman. Irailaren 12rako ospakizun xume bat ere prestatu dute. Eguerdian berriz ere dokumentala eskainiko dute zineman; 13.15ean Erreka dantza taldearen emanaldia eta 14:30ean herri bazkaria. Arratsaldean ere besta giroa izanen dute DJ J&J, haurrendako jolasak, txokolate jatea, ilunabarrean txistorra jatea… Eguerditik aitzinera eskoletan Errekaren historiari buruzko erakusketa ere izanen dute. Beharbada egunotan aurkeztuko duten dokumental horren aurrerapen gisara edo, Errekaren historiako parte izan diren eta diren (bertze hainbat badira) zortzi pertsonen testigantza bildu dugu.



Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun