Kasu honetan, 2025-2026 ikasturtean euskara ikasten edo hobetzen aritu diren 16 urtetik goitiko Malerrekako eta Bertizaranako herritarrek eskatzen ahal dute laguntza eta kopuruari dagokionez, gehienez ere 460 euroko dirulaguntza hartuko du eskatzaile bakoitzak.
Kontuan hartu behar da asistentziaren arabera emanen dutela laguntza. Asistentzia % 85etik goitikoa bada, ikastaroa doan aterako zaio ikasleari. % 70 eta 85 artekoa baldin bada, matrikularen % 75 diruz lagunduko dute eta hortik beheitikoa baldin bada, ez dute laguntzarik emanen.
Dirulaguntza, aipatu bezala, 16 urtetik goitikoendako izanen da, eta Malerrekako Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako batean erroldatua izan beharko du. Dokumentazioa irailaren 1etik 30era aurkeztu beharko da eta beharrezkoa izanen da mankomunitatearekiko zerga betebeharrak ordainduak izatea eta Nafarroako Gobernuaren (Euskarabidearen) euskara ikasteko dirulaguntza eskatua izatea.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa
Errandako epean, eskaera orria behar bezala betea aurkeztu beharko da, eta horrekin batera, nortasun agiriaren fotokopia, erroldatze ziurtagiria eta Euskaltegiko matrikularen ordainagiriak. Euskara ikastaroa antolatzen duen erakundearen ziurtagiria ere beharrezkoa izanen da «ikastaroaren iraupena, maila, matrikularen kostua eta ikasleak izan duen asistentzia portzentajea» zehaztuz. Azkenik, «administrazio publikoei edo entitate pribatuei eskatutako edo haiek emandako dirulaguntza guztien aitorpena» eskatu dute.
Zenbait datu
Malerrekako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak oroitarazi duenez, «azkeneko urteetako joerari erreparatuz, gero eta jende gehiago heldu da gurera bizitzera, estatutik zein urrunagoko herrialdeetatik etorriak. Batzuek euskara ikastea erabakitzen dute, eguneroko bizitzan euskara erabili ahal izateko, elkarbizitza errazteko edo lanerako behar dutelako. Erabaki hori hartu dutenen artean daude joan den ikasturtean euskara ikasten aritu direnetatik 15 lagun. Malerrekako euskaltegian aritutako ikasleen ia erdia dira horiek. Euskararekiko interesa edo gogoa erakusten du horrek, neurri batean, eta poztekoa da».
Bertzalde, generoari dagokionez, hamar ikasletik sei emakumeak direla jakinarazi du, eta adinari dagokionez, berriz, bana bertzeko adina ia 49 urtekoa (48,82) izan da.
Dirulaguntza deialdiari buruz informazio gehiago nahi duenak euskara zerbitzuan galdetzen ahal du (948 45 17 46ra deituz edo euskarazerbitzua@malerreka.eus helbidera idatziz).