Saharako haurren ‘Oporrak Bakean’ udako egonaldia azken txanpan sartua da

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 28a

Nafarroara uda pasatzera etorri diren 96 haurretatik 29ri harrera egin zien ortzegunean Nafarroako Gobernuak.

Uztailaren 6an etorri ziren neska-mutikoak larunbat honetan bueltatuko dira Afrikara eta ortzegunean harrera egin zien Nafarroako Gobernuak

Oporrak Bakean programaren bitartez, Tindoufeko (Aljeria) errefuxiatu eremu sahararretatik uda Nafarroan pasatzera etorri diren 96 haurretatik 29ri harrera egin zien Nafarroako Gobernuan abuztuaren 27an, ortzegunean, Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan. Javier Remirez, Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariorde eta Lehendakaritzako eta Berdintasuneko kontseilariak harrera egin die zien ortzegun goizean. Oporrak Bakean programaren bidez familia boluntarioek hartuta uda Nafarroara igarotzera etorri ziren haurrak uztailaren 6an eta abuztuaren 29an, larunbatean, bueltatuko dira Afrikara.

Uafak eta Brahimek Iturengo bi etxetan pasatu dute uda eta Donamariako igerilekuan izan dute igeriketa ikastaroa.

 

Uafa eta Brahim Iturengo bi etxetan eta Donamariako igerilekuan

Gure inguruan, erraterako, Iturenen izan dira Uafa eta Brahim. Gustura ibili dira herrian, baina ez dira herrian bakarrik egon, aurten Donamariako Udalari eta bertako gurasoei esker, Donamariako igerilekuetan udan ematen diren igeriketa klaseak hartzeko aukera oparitu baitzieten. Osasun errebisioak beteta ez ezik, bihotza ere oroitzapen politez beteta eramanen dute Saharara. Hurrengo uda izanen dute azkena bi gazte hauek. Neska-mutiko hauen familiek eskerrak eman nahi dizkiete herriari, herritarrei eta Donamariako guraso taldeari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun