Udako hitzorduek ez dute hutsik egin aurten ere Eratsunen. Horren seinale, uztailean, kuadrillen eguna ospatu zuten eta larunbat honetan, abuztuaren 29an, Iruñarri Eguna izanen dute.
Iruñarri Egunean, 09:00etan geldituko dira, eta handik, oinez, Iruñarri aldera abiatuko dira. Bederatzi bat kilometroko buelta izanen da. Bakoitzak bere jatekoa eraman beharko du eta udalak edari freskoaz arduratuko dela jakinarazi du.
Arratsaldean, berriz, Bularretik ehundutako aitortzak dokumentala pantailaratuko dute eta horren inguruko mahai ingurua ere izanen da. 19:00- 19:30 aldera omenaldien txanda izanen da. Zehazki, hiru herritarrek eta kanpoko beste batek hartuko dute omenaldia. Horrekin batera, kuadrillen egunean bildutako dirua orduan emanen diote Bizi elkarteari. Aipatu behar da 2.300 euro bildu zituztela kuadrillen egunean. Gainerakoan, 21:00 aldera Doneztebeko Unai Apezetxeak prestatutako luntxa izanen dute eta eguna borobiltzeko, Joselu Anaiak taldearekin dantzaldia izanen da.