[ARGAZKIAK] Abuztuaren 8ko eurite eta haize boladek Donamarian eta Gaztelun eragindako kalteak iruditan

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 22a

Herrian, baserri bideetan eta mendian arbolak eta adarrak lurrean, eraikin eta etxebizitzetako pertsianak eta leihoak hondatuak, teilatuetan kalteak, eraikin barrenetara ura sartua, bertzelako elementuak lekuz aldatuak edo hondatuak… Halaxe gelditu ziren Donamaria eta Gaztelu abuztuaren 8ko denboralearen ondorioz.  

Bi aste pasatu dira geroztik, baina Donamariako eta Gazteluko herritarrek ez dituzte atzenduak egun hartako euri erauntsiak, haize bolada zakarrak eta ekaitza.  

Kalteak nabarmenak izan ziren, eta irudiak dira horren lekuko. Baserrietako bide guzietan erori ziren arbolak, etxe inguruetan urte aunitzetako gaztainak eta pagoak ipurditik atera zituen… Natalia Rekarte Donamariako alkatearen hitzetan, «mendietako kalteen balorazioa basozainek egitekoa badute ere, mendian 1.500 metro kubiko egur lurrera botatuak izanen dira. Larrapildik Uztalakordara bitarteko parajea izan zen kalte handiena izan zuena eta Kanteratik goiti Troskatako bidea ere xehatua gelditu zen». Baina gehiago ere bai: «Herriko etxera ura sartu zen eta lurra goratu zuen eta eraikin eta etxe partikular aunitzetan izan dira kalteak».

Alkateak onartu du egun «kaotikoa» izan zela; baina ez hori bakarrik: «kalte materialak izan dira, baina eskerrak ez zen kalte pertsonalik izan».

Auzolanaren aitortza

Horrekin batera, ekaitzaren ondorioei erantzuteko herritarrek emandako erantzuna «eskertu eta aitortu» nahi izan du Rekartek; «eroritako arbolak, adarrak eta bertzelako elementuak kentzen lagundu dute, baita garbiketan, bilketan eta egokitzapenean ere. Auzolanean lan handia egin dute eta eskertzekoa da».  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun