Ezkurrako pestak abuztuaren 14an hasi ziren, kirolaz eta giro ederraz betetako arratsaldea ospatuz. Eguna haurren eta kadeteen fronteniseko finalekin hasi zen, eta pala partidarekin jarraitu zuen. Partiden ondotik iritsi zen eguneko unerik berezienetako bat: Cecilia Baldak bota zuen txupinazoa. Aurretik, omenaldi txiki bat egin zioten, eta aurreskua dantzatu eta ohiko zapia paratu zioten. Une hunkigarria izan zen eta, horrela, ofizialki hasi ziren herriko pestak.
Eta, tradizioak agintzen duen bezala, segituan afariak etorri ziren. Barranka Jatetxean helduak eta gazteak Herriko Ostatuan, pestetako lehenbiziko gauaz gozatzen hasi ziren, gogo eta ilusio handiz.
Abuztuaren 15ean, goizean goiz, ohiko dianak herriko kaleak girotu zituen. Ondotik, meza izan zen eta horrez gain, herri kirolak, pilota partidak eta hainbat ekitaldi izan ziren egunean zehar.
Hurrengo egunetan, jendez, alaitasunez eta pesta giroz bete zen Ezkurra. Aizkora apustuak, pilota partidak, dantzaldiak, herri bazkaria, bingoa, musika eta beste hainbat ekitaldi izan ziren, «gure pestak hain berezi egiten dituzten horietako asko».
Gainera, eguraldiak ere lagundu zuen eta horrek are gehiago gozatzeko aukera eman zien herritarrei eta bisitariei. Giro bikaina eta jende asko izan da Ezkurrako pestetan, eta beste urte batez, «oso pesta politak eta parte hartzaileak bizi izan ditugu, oroitzapen ederrez beteta».
Baina, guztien gainetik, «aipamen berezia» egin nahi izan diote «herrian egiten den talde lanari eta elkarlan guztiari»: «Ikustekoa da pertsona bakoitzak nola paratzen duen bere alea, nola laguntzen diogun elkarri eta nola, denon artean, ekitaldi eta jarduera guztiak aurrera ateratzea lortzen dugun. Ezkurrako pestak ez lirateke berdinak izanen bertako jenderik gabe. Beraz, bihotzez, eskerrik asko modu batera edo bestera lagundu, lan egin eta parte hartu duzuen guztioi. Eskerrik asko herria egiten laguntzeagatik eta beste urte batez hainbeste gozatzeko moduko pestak egiteagatik».