Ekitaldiek jende andana bildu zuten plaza inguruan, herri kiroletan eta, batez ere, patata tortilla lehiaketan: 23 tortilla aurkeztu zituzten. Lehenbiziko aldiz parte hartu zuen Bazterto taldeak irabazi zuen lehiaketa, zazpi lagunek osatua: Saioa Mariezkurrena, Jone Indakotxea, Ixone Elizalde, Ane Etxeberria, Iratxe Oskariz, Nahia Etxeberria eta Bittori Elizalde.
Atzo azken eguna, eta goizean, pilota partidak izan zituzten. Politak eta oso lehiatuak izan ziren bi partidak, eta handien taldean Endika Santesteban zubietarra Haritz Salcedorekin aritu zen eta 22-21 irabazi zuten. Ondotik herri bazkaria izan zuten giro politean, eta arbola botatzen bukatu zituzten festak. Bestondoa pasatuta, Euskararen Egunerako prestatzen hasiko dira zubietarrak.