Bestak 2026

[ARGAZKIAK] Ederki joan dira Sunbillako bestak bertze urte batez

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 17a

Abuztuaren 7tik 11ra ospatu dituzte bestak Sunbillan eta giro paregabea eta parte hartze handia izan dute aurten.

Testua eta argazkiak: Maider Petrirena, Ion Anzizar eta utzitakoak.

Abuztuaren 7an eguerdi partetik Ulibeltzak elkartean gazteek bazkariarekin hasiera eman zieten bestei. Matraka elektrotxarangaekin segitu zuten eta 21:00etan betizuak izan ziren. Izugarrizko jendetza hurbildu zen gure herrira betizuak ikusi eta parte hartzera. Ondotik kontzertuak izan ziren.

Larunbatean, abuztuak 8, 12:00ak baino lehen kartel lehiaketan irabazitakoei beraien sariak banatu zizkieten. Ondotik, 12:00ak puntuan, altxaferua bota zuten Unai Bertiz Anzizar eta Esti Gastearena Villanueva bikoteak. Herri kiroletan, modalitate ezberdinetan, ibilbide oparoa egiten ari dira eta ilusio aunitz bota zuten altxaferua. Arratsalde partean pilota partiduak izan ziren. Eguraldiak zakar jo zuen eta Zopetako prestatutako mahai guztiak hankaz goiti jarri zituen. Boluntarioen laguntzaz 200 pertsonek elkarte barrenean eta kanpoan afaltzeko aukera izan zuten. Bertzetik, frontoian, bigarren partidua 13-09 zihoala bertan behera utzi behar izan zen.

Igandean 09:30ean herriko txistulariek egunari hasiera eman zioten. 11:30ean plazan boneta eta zapatila tiraketa izan zen. Urtero bezala partaidetza handia izan zen. Zapatila tiraketan ondorengo sailkapenak izan ziren: helduetan 1. Iker Sein, 2. Eneko Herrera eta 3. Josu Baleztena; eta haurretan 1. Julen Garcia, 2. Aner Petrirena eta 3. Ane Jauregui. Boneta tiraketan, berriz: helduetan 1.Eneko Herrera, 2. Ion Anzizar eta 3. Ander Mariezkurrena; eta haurretan 1. Oñatz Corta, 2. Julen Olaizola eta 3. Uxuri Arretxea. Egun guztian tren txutxua ibili zen eta arratsaldean, berriz, XXIII Ramón Latasa saria izan genuen. Jendetza hurbildu zen urteroko jaialdi ederra ikustera.

Astelehenari hasiera Elizondoko gaiteroek eman zioten. 11:00etan Olegi parajean batzuk plater tiraketan zeuden bitartean, bertzeek herrian erraldoiak ikusteko aukera izan zuten, gaiteroek lagunduta. Eguerdian elkartean gazteak peñen bazkaria egin zuten. Bitartean, eliza atarian guraso elkartekoak beraien bazkaria egin zuten. Arratsalde partean ur jokoak eta ura-ura Elutxa txarangak alaituta. Plater tiraketan 13 partaide izan ziren. Hiruk 13 plater puskatu zituzten eta ondorioz desenpatatzea tokatu zen. Horren ondotik sailkapena ondorengoa izan zen: txapelduna  Oier Petrirena Anzizar, txapeldunorde Jon Iriarte Mikelperizena eta hirugarrena Iñaki Mikelarena Iraizoz 'Arrixko'. Ilunabarrean elizatarian patata tortilla eta postre lehiaketa izan zen. Guztira 5 tortilla eta 6 postre izan ziren. Tortilla lehiaketan 1. Anita Etxeberri Urrutia, 2. Mañoli Agirre Iriarte eta 3 Maxux Maritorena Iturralde. Epaimahaian Edurne Urroz Agesta, Jexux Mari Jorajuria Arretxea eta Florentino Gelbenzu Almandoz. Ondotik pintxoak eta sagardoa jan eta edateko aukera izan zen. Zezen suzkoa eta gaueko musikarekin akabaila eman zitzaion egunari.

Astearteari ere Elizondoko gaiteroek eman zioten hasmenta. Ondotik gaitero, txistulari eta dantzariek udaletxeko ordezkariak eta herriko apaiza elizaraino lagundu zituzten. Meza nagusian, herriko abesbatzak kantatu zuen Imanol Elizasurekin organoan eta Isabel Lacar Abril zuzendariaren laguntzarekin. Hau bukatutakoan, plazan, herriko dantzariek urteroko emanaldi ederra eskaini zuten. Ondotik, urtero bezala pintxoak jateko aukera izan zen. 17:30ean frontenis finala izan zen. Bigarren urtez segidan Antuña Zelaieta anaiak, Gorka eta Asier, txapeldunak suertatu ziren. Azpitxapeldunak berriz Haritz Arriola Capdequi eta Andoni Espelosin Goizueta. Jendetza hurbildu zen frontoira final ederra ikustera. Hortik, Ulibeltzak elkarte pareko belaira, poniak ikusi eta haurrak ibiltzera joan ziren. Ondoren berriz ere betizuak izan ziren. Bigarren aldiz, partaidetza handia izan zen.

Azken egunari herriko trikitilariek hasiera ezin politagoa eman zioten. Goiz eta arratsaldez puzgarriak frontoian izan ziren eta goizean mus txapelketa Ulibeltzak elkartean. Artxiboetako datuen arabera aurten errekorra izan da: guztira 30 bikotek izena eman zuten. Sailkapena: 1. Nieves Biurrarena eta Pattere Galtzagorri, 2. Aintzane Telleria eta Jon Dozagarat, 3. Joxe Martin Agirre eta Joxe Mari Gurrutxaga eta 4. Jesus Uriz eta Adei Uriz. Arratsaldean, igerileku pareko belaian, toka, aitzurra eta zartagin tiraketa egin zuten. Toka helduetan 1. Bixente Ibarra, 2. Ion Anzizar eta 3. Unai Bertiz eta haurretan 1. Adei Uriz, 2. Oñatz Korta eta 3. Josu Juanenea. Zartagin tiraketan 1. Edurne Urroz, 2. Agurtzane Zubieta eta 3. Iratxe Mendikoa. Aitzur tiraketan 1. Xabier Mariezkurrena, 2. Unai Bertiz eta 3. Javier Ibarra. Bestei bukaera ezin hobea emateko, Ulibeltzak elkarteko kanpoaldean, 189 pertsonek afari eder batez gozatzeko aukera izan zuten. Ondotik, Txutxin Ibañez eta bere taldearekin kantuan eta dantzan ibili ziren eta ondotik Luzianoren txanda izan zen goizaldera arte.

Eta azkenik eskertza tartearekin kronika akituko dugu. Lehenik eta behin bestak antolatu, parte hartu eta lagundu duten guztiei eskerrak aunitz. Momentu zaila batzuk izan dira eta horietan boluntario pila agertu dira. Meza nagusian laguntzera etortzen diren Elizondoko abesbatza, Urruñako abesbatza eta Igantziko abesbatzako kideei eskerrak aunitz, baita Imanol eta Isabeli. Eskertu gabe ezin utzi hainbertze laguntzen diguten Maki Urtasun, Kristina Urtasun, Nahia Bailon eta Jasone Bailoni. Egiatan izugarri laguntzen diguzue.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun