XXIII. Ramon Latasa Saria desafioz beterik eginen dute Sunbillan abuztuaren 9an

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 6a

Berriz ere jendetza espero dute igandean Sunbillako frontoian, hogeita hirugarren urtez eginen den Ramon Latasa Saria dela eta.

Aizkolari gazteen bederatzigarren edizioa eta emakumeen borzgarrena eginen dute eta harri altxatzaileak ere ariko dira igandean frontoian

Sunbillako pilotalekuan, abuztuaren 9an, igandean, arratsaldeko 18:30ean hasita herri kirol zaleek jaialdi ikusgarriaz gozatzeko aukera izanen dute. Ramon Latasa aizkolari handiaren oroimenez egiten den lehiaketa hau 2002. urtean hasi ziren antolatzen sunbildarrak eta aurtengoarekin hogeita hirugarren edizioa beteko da. Aurten ere jaialdi handia prestatu dute: hiru kategoriatan aizkolari probak eginen dira, baita bi bikote mistoren arteko harri altxatzaile lehia eta harri altxatzaile gazte baten errekor pertsonal saiakera ere.

Maila nagusian lehian ariko diren hiru bikoteak honako hauek izanen dira: Iker Vicente-Eneko Otaño, Julen Alberdi Txikia IV.a-Arkaitz Etxebeste eta Mikel Larrañaga-Hodei Ezpeleta Bihurri II.a. Bikote bakoitzak hamar kanaerdiko eta sei 60 ontzako ebaki beharko ditu.  

Emakumeak eta gazteak

Emakumeen Ramon Latasa sariaren borzgarren edizioa ere jokatuko da. Aurtengoan bi bikote ariko dira lehian: Oihana Fernandez-Nerea Sorondo eta Nerea Arruti-Laiene Pikabea. Bikote bakoitzak 45 ontzako bortz enbor moztu beharko ditu. Aizkolari Gazteen IX. Ramon Latasa Sarian, berriz, lau bikote ariko dira: Igoin Pikabea-Beñat Senosiain, Oier Mitxelena-Unai Etxeberria, Aritz Oiarbide-Julen Urrutia eta Jon Erdozia-Mikel Santesteban. Bikote bakoitzak sei kanaerdiko moztuko ditu.

Harri altxatzaileak ere 

Bi bikote  arituko dira lehian. Alde batetik, Patricia Martin eta Mikel Lopetegi Urra, eta bertzetik Estefania Etxebeste iturendarra eta Beñat Telleria. Azkenik, Iradi Agirre Abadiñoko harri altxatzaile gaztea marka pertsonala egiten saiatuko da, 75 kiloko errektangularrarekin, 3 minutuko txandan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun