Bestak 2026

«Komentuan bertsolariak, trikitilariak eta herritarrak elkartzea arrunt polita da»

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 13a

Irati Sarratea Amigorena donamariarrak 19 urte ditu.

Irati SARRATEA AMIGORENA, Donamariako gaztea.

«19 urteko neska alaia, bestazalea eta lagunartekoa, lagunekin planak egitea gustuko duena». Hala aurkeztu du bere burua Irati Sarratea Amigorenak (Donamaria, 2007). «Lagunak, dantzak eta mendia» ditu afizio, eta hain zuzen, dantzarako zaletasun horri erantzunez, «duela urte pare bat» Erreka Dantza Taldean apuntatu zen. «Arrunt gustura» omen dago.

Gainerakoan, Historia eta Ondarearen gradua egiten ari da Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Eta ikasturtean zehar astegunak Iruñean eta asteburuak Donamarian pasatu ditu. Kontatu duenez, «betitik gustatu zait Historia, baina Batxilergoa hasita, argi ikusi nuen zer ikasi nahi nuen». Aitortu du «aldaketa handia» izan zela unibertsitaterako saltoa, baina «arrunt gustura nago. Hasieran, kezkatua nintzen ez nuelako inguruko inor, baina klase kide ezin hobeak tokatu zaizkit». Ikasteko martxari dagokionez, berriz, «lehenbiziko seihilekoa zailagoa egin zitzaidan, baina gerora, ederki moldatu naiz».

Udan bertzelako martxa

Udan, ordea, bertzelako martxa du. Lanean ari dela esplikatu du, eta ez hori bakarrik: «Herriko igerilekura joateko edota lagunekin planak egiteko ere tarteak hartzen ditut».

Bere herria maite duela ere agerian gelditu da: «Ttikia izanda ere, herri elkartua da, giro ona izaten dugu gure artean eta hori da garrantzitsuena niretako. Adin guzietako gazteak elkartzen gara, eta hori da herri ttikietako xarma». Eta herriko bestak ere maite ditu. Haur denboran, «egunez» ospatzen zituela erran du eta «gustukoena haurren eguna izaten nuen». Gaur egun, berriz, «egunez eta gauez» probesten ditu eta zikiro jatearen eguna du kuttunena. «Gehien gustatzen zaidana zikiro jatearen ondotik komentura joaten garen momentua da. Komentuan bertsolariak, trikitilariak eta hainbat adinetako jendea elkartzea arrunt polita iruditzen zait». Baina gazte eguneko bazkarian ere «ez dut hutsik egiten; adin guzietako jendea etortzen da eta arratsaldeko jokoetan ederki pasatzen dugu». Horregatik eta bertze gauza aunitzengatik iruditzen zaizkio Donamariako bestak «bereziak»: «Nahiz eta bertze herri aunitzetan bestak izan, besta politak egiten ditugu eta herri guzia biltzea lortzen dugu».

Herrikoen aitzinetik, Zigako bestetan ere geldialdia egitea gustatzen zaiola gehitu du, beretako «arrunt politak» direlako. Gainerakoan, momentuko bere helburua «udaz disfrutatzea» da eta epe laburrean «unibertsitateko etapaz gozatzea». Gero gerokoak: «Etorkizunera begira ez dut oraindik deus pentsatu. Ikusiko dugu».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun