Aldabek eta Barrenetxea IV.ak irabazi dute Jai Alai Zarautz Erremonte Txapelketa

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 3a

Aldabe eta Barrenetxea IV.a txapeldun eta Segurola eta Aritz Juanenea saldiastarra txapeldunorde, Zarauzko Erremonte Txapelketako finalaren ondotik. Argazkia: Maialen Andres

Aldabe eta Barrenetxea IV.a dira Jai Alai Zarautz Erremonte Txapelketako txapeldun berriak, abuztuaren 2an Ariztabatalde frontoian jokatutako finalean Segurolari eta Aritz Juanenea saldiastarrari 2-0 (15-7 eta 15-9) irabazi ondotik. Finalaurrekoen emozioa falta izan zitzaion finalari. Aldabe eta Barrenetxea jaun eta jabe izan ziren.

15-7 eta 15-9 nagusitu zaizkie Segurola eta Ariz Juanenea saldiastarrari igandeko finalean

Aurrelari urdinak zazpi tanto egin zituen lehen setean eta zazpi bigarrenean. Barrenetxeak ondo atera zuen eta lau tanto egin zituen set bakoitzean. Gorrietan Juaneneak bi tanto egin zituen lehen setean eta bost bigarren jokoan, baina Segurola lekuz kanpo egon zen kantxa gainean. Aurrelari gorria ez zen ondo kokatuta egon eta ez zuen kantxa estaltzen frontoi txikian egin behar den bezala. Urdinak, berriz, elkar ondo ulertuta ibili ziren. Nagusitasuna argia izan zen.
Lehen setean, launa berdindu ondoren, Aldabe-Barrenetxeak 5-9ko aldea ireki zuen, eta 7-15 itxi zuten. Bigarren seta antzekoa izan zen. Bosnako berdinketaren ostean urdinak 7-10, 8-12 aurreratu ziren eta 9-15ekoan txapeldun izan ziren. Bikote gehiago egitearen garrantzia funtsezkoa izan zen.

Aipatzekoa da ortziraleko finalerdian, Aldabek eta Barrenetxeak 2-1 irabazi zietela Goikoetxea V.ari eta Azpirozi (10-15, 15-10 eta 8-4) eta larunbatekoan, Segurolak eta Aritz Juanena saldiastarrak 2-1 irabazi zieten Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrari eta Larrañagari (15-9, 9-15 eta 8-2).

 

Deskarga-Eskuderok irabazi dute Zarauzko B Torneoa

Deskargak eta Eskuderok B mailako txapelak erraz eskuratu zituzten. 15-8 eta 15-9 utzi zituzten Aiestaran VII .a eta Ugarte txapeldun izateko. Beste behin ere giro aparta izan zen Aritzbatalden frontoia ia beteta zegoela. Nahiz eta zirrara falta izan, jendeak erremonteaz gozatu zuen.

Ortziraleko finalerdian, Deskargak eta Eskuderok 2-0 irabazi zieten Martixpe doneztebarrari eta Aiestaran VI.ari (15-10 eta 15-12) eta larunbatekoan, Aiestaran VII.ak eta Ugartek 2-0 Susperregrii eta Goikoetxea VI.ari (15-11 eta 15-7).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun