Bestak 2026

«Herrian goxo hartu gaituzte eta etxean sentitu gara lehenbiziko momentutik»

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 11

Andoni Uranga duela urte eta erdi etorri zen Ezkurrara bizitzera.

Andoni URANGA SUESCUN Ezkurran bizi den gipuzkoarra

Badira bizitza aldatzen duten erabakiak. Ustekabean sortzen diren aukerak. Patuak hala nahita, Ezkurrara bizitzera etorri ziren duela urte eta erdi Andoni eta Sandra, bere bikotekidea: «Donostiako Antiguo auzoan alokairuan bizi ginen. Alokairuen prezioa asko igotzen ari zen eta giro lasaiago baten bila, erosteko baserri baten bila hasi ginen». Hasiera batean, Gipuzkoa aldean hasi ziren bila, baina lagun baten etxean egindako elektrikari lanek aldatu omen zuten bilaketaren norantza: «lagun baten etxera joan nintzen entxufe bat jartzen laguntzera eta berriketan ari ginela, baserri bila ari ginela kontatu nion. 'Nola Gipuzkoan?' esan zidan, 'etorri nire herrira, han badaude baserri batzuk salgai'». Handik pare bat egunetara herrira joan eta «bertan topatu genuen bila genbiltzana».

Ez zuten inolako loturarik herriarekin: «bizikletan bizpahiru aldiz bertatik pasea nintzen, baina Martin izan zen herria erakutsi ziguna». Bertan, «paisaia eta txoko ederrak, lasaitasuna baina aldi berean herri giroa, mugimendua..» badagoela uste du eta guztiaren gainetik, azpimarratu du «jende ederrarekin» egin duela topo: «herritarrek talde, ekipo, ederra osatzen dute». Gainera, badute gustuko duen beste ezaugarri bat: «zirikatzaileak eta broma zaleak dira eta oso gustuko dut giro hori».

Lehenbiziko momentutik eroso sentitu ziren herrian: «goxo hartu gaituzte eta etxean sentitu gara lehenbiziko momentutik. Oso eskertuta gaude». Barranka ostatuan egin zituen lehenbiziko hartu-emanak, «bi astetan herri guztia ezagutzen nuen». Herrian integratzea «oso erraza» izan zen, «herritarrek asko erraztu dute prozesua eta denon laguntza izan dugu». Beraien jarrera ere halakoa izan da: «irekiak gara eta jendea ezagutzeko gogoz etorri gara». Ez zuten lotarako toki bat soil bat bilatzen, Ezkurran bizitzea izan zen hasieratik apustua: «Herrian antolatzen diren gauzetan parte hartzea, laguntzea... izan da hasieratik gure asmoa».

Lehengo urtean ezagutu zituen Ezkurrako festak: «Giputxi deitzen didate herrian eta gerra dexente eman nuela uste dut». Lehengo urtean «maila altu xamar jarri» omen zuen, «ez dakit aurten lortuko dudan maila horri eustea, baina giputxia nafarrei gerra pixka bat emateko gogoz dago».

Ezkurrako pestetako giroa ordura arte bizi izan duenarekin alderatuta «oso desberdina» dela aitortu du: «polita da ikustea auzolanaren ideia zeinen zabaldua dagoen. Denak aritzen dira lanean: ontziak garbitzen ez bada, mahaia jartzen...». Ez zen izan berezia iruditu zitzaion gauza bakarra: «Mariatxiak urtero ekartzen dituztela esan zidaten eta herri guztia aritzen da kantuan». Horretaz gain, «frontoian jartzen dituzten kartsak eta su artifizialak» ere bereziak iruditzen zaizkio.

Herritar guztiei pestaz gozatzeko gonbidapena luzatu die eta galdera ere badu beraientzat: «Noiz bukatuko da probaldia? Ezkurrako titulu ofiziala eskuratzeko irrikaz gaude». Argi baitute zein den beraien asmoa: «Ezkurran gelditzen gara betiko. Ez dugu hemendik mugitzeko asmorik». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun