Bestak 2026

«Hagitz polita da zure ikasle izan direnak plazan dantzan ikusten dituzun momentua»

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 5a

Hiru urterekin hasi ziren dantzan Maialen Maritxalar eta Haizea Larzabal.

Maialen MARITXALAR IBARRA eta Haizea LARZABAL ARRIOLA, Sunbillako haurren eta gaztetxoen dantzako irakasleak.

Hiru urterekin jantzi zituzten espartzinak lehenbizikoz eta geroztik, hamaika dantza egindakoak dira Maialen Maritxalar Ibarra eta Haizea Larzabal Arriola sunbildarrak. Sunbillako eta Doneztebeko dantza taldeetako kideak dira eta aurten herrian euskal dantzen irakasle ere izan dira: «Mantendu beharreko tradizio bat dela pentsatzen dugu eta  gogotsu eta ilusioz aritzen gara guk dakigun horretatik bertzeei erakusten».

Ongi gogoan dute nor izan zuten dantza irakaslea: «Lehenbiziko sei urteetan Mari Cruz izan genuen irakasle eta dantza tradizional dezente ikasi genituen». Handik gutxira etenaldi txiki bat egin zuten: «Bederatzi eta hamabi urte artean dantzatu gabe egon ginen, irakaslerik ez genuelako. Hamabi urte genituenean Kristobal etorri zen herrira dantzak irakastera». Handik urte batzuetara ez zuten lortu Sunbillan taldea osatzea eta horregatik, auzoko herriko dantza taldean hastea erabaki zuten:«geroztik, Doneztebeko Erreka dantza taldeko kideak gara».

Ikasle izatetik irakasle izatera

Dantza ikasle ez ezik, irakasle ere badira orain: «Sunbillako dantza taldea irakaslerik gabe gelditu zen eta irakasleak izateko proposamena egin zigutenean ilusio handiz hartu genuen». Hiru eta hamabortz urte arteko, 40 ikasle izan dituzte eta  esperientzia «hagitz ona eta polita» izan dela diote. Ikasle izatetik irakasle izatera pasatzea «dezenteko aldaketa» izan den arren, «haurrekin hagitz ongi» moldatu direla gaineratu dute. Batez ere euskal dantza tradizionalak landu dituzte:«Ttikiei betiko dantza tradizionalak erakutsi dizkiegu, adibidez, txapeloa edo sorgin dantza. Koxkorrekin eta gaztetxoekin pixka bat gehiago esperimentatu dugu eta fandango eta arin-arinekin animatu gara». 

Ekainean egin zuten jendaurreko emanaldia, urtean zehar egindako lana plazaratuz: «Aitzineko astea nahiko urduri pasa genuen, baina emanaldia hagitz ongi joan zela uste dugu. Artista hutsak dira eta zoriondu egin behar zaie egindako lanagatik». 

Bestetan dantzak

Herriko bestetan ere ez da dantzarik faltako, «Sunbillako bestetan dantza  emanaldia eskainiko dugu. San Tiburtzio Egunean izanen da eta tartean, bertako bereizgarria den dantza luzea dantzatuko dugu». Ekitaldi ofizialetatik haratago ere dantzarako prest egonen dira: «Musika aditu bezain laster hasten gara dantzan». Dantzarako laguna topatzea zertxobait kostatzen bada ere, uste dute ez direla bakarrik egonen plazan: «Sunbilla ez da herririk dantzariena, baina ez da batere kostatzen norbait dantzan hastea erromeriak eta daudenean». 

Eta dantzatik haratago, bestetan ongi pasatzeko bertze hamaika modu ere izaten direla nabarmenduz,  gogorik ez zaie falta: «Giro ederra sortzen da herrian eta antolatutako ekitaldi gehienetara joateko tartea hartzen dugu. Frontenis txapelketaren finala, zopak, txu-txu trena...». 

Abuztuaren 7an lehenbiziko txinpartak  piztu eta abuztuaren 12ra arte luzatuko da besta giroa Sunbillan. Lehenbiziko egunetik azkenera arte, «duten guztia emateko asmoa» dutela diote, «urteko egunik berexienetakoak izaten dira». Mahaiaren bueltan bilduta borobilduko dute bortz eguneko ospakizuna: «Gure ustez, azken eguneko afaria hagitz berezia da, adin guztietako herritarrak bertan elkartzen garelako eta giro hagitz polita sortzen delako». Gonbidapena luzatu dute: «animatu eta etor zaitezte Sunbillako bestetan ongi pasatzera». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun