Ortzegunean bestak hasi ziren dantzarien taldeak botatako txupinazoarekin eta ondotik, ohi den bezala zopak afaldu ziren bestak indarrez hasteko.
Ortziralea haurren eguna izan zen: puzgarriak eta zezen mekanikoa izan zituzten goizean eta bazkal ondotik uretako puzgarria ere izan zuten beroari aurre egiteko. Bitartean mus txapelketa jokatu zen eta Pedro eta Korok irabazi zuten. Tortilla txapelketan aldiz, Oihana Migeltorena izan zen garaile. Eguna bukatzeko kontzertuez gozatzeko aukera izan zen.
Larunbatean, Santiago eguneko mezaren ondotik herriko dantzarien emanaldiaz gozatzeko aukera egon zen. Ondotik, 140 pertsona inguru bildu ziren frontoian herritarrek prestaturiko paella goxoa jateko. Ordura arte eguraldi bikaina egin zuen arren, euri zaparrada bota zuen arratsaldean eta frontoiko karpa azpian dantzatzea suertatu zen txarangaren musikarekin. Bertze urtetan herritik barna ibiltzea zen ohitura herriko presara iritsi eta uretan sartu arte, baina aurten planak aldatzea tokatu da. Gauean gazteek zein helduek Soletikan erromeriaren musikarekin dantzatu zuten.
Azken eguna, igandea, toka txapelketarekin hasi zen eta Ainhoa Irisarrik lortu zuen lehen postua. Gero, piperrada eta zikiro jatea izan zen eta Beñat eta Fernandok (Belfast) animatu zuten plaza, mahaian lehenik eta oholtzan gero. Bestei bukaera emateko Patxi Bertizek irabazi zuen txapel jaurtiketako lehiaketa afariko zingar jatearen aitzinetik.