NIKO MINDEGIA

«Urteotan kantxan sentitu dudanarekin gelditzen naiz»

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 1a

Niko Mindegia, hamabortz urtez Europa osoan ibili ondotik, Bidasora bueltatu da denboraldi honetarako. Argazkia: Aitor Arotzena

Niko MINDEGIA ELIZAGA, Doneztebeko eskubaloi jokalaria.

Hogei urteko ibilbide profesionala borobiltzeko, 38 urte bete berritan, 2026-27 denboraldian Irungo Bidasoa eskubaloi taldean «ilusioz» jokatuko du doneztebarrak.

Errekako harrobian hazia, Niko Mindegia Elizaga (Doneztebe, 1988ko uztailaren 19a) Iruñeko Portland San Antonio eta Helvetia Anaitasuna, La Rioja (Espainia), Pick Szeged (Hungaria), Kolding (Danimarka), Chambéry (Frantzia), Wisla Plock (Polonia) eta Toulouse (Frantzia) taldeetan aritu da. Pick Szeged taldearekin EHF Kopa irabazia, Poloniako Wisla Plock taldean lau titulu lortu zituen, liga, bi kopa eta superkopa, eta Chambéryn Frantziako kopa. Europa Ligan finalista izan da bitan (2020-2021 eta 2021-2022) eta Txapeldunen Ligako final laurdenetara ailegatu zen 2022-2023 denboraldian. Espainiako selekzioarekin Europako txapelketan zilarrezko domina ere lortu zuen Mindegiak 2016an, «ez nintzen aunitz aritu, baina domina hor dago». Hango eta hemengo ibaietan ibili ondotik, ordea, izokina bezala, Bidasora itzuli da. Irudek Bidasoa Irun taldearekin jokatuko du 2026-2027 denboraldian. 38 urte bete berritan, Espainiako Asobal ligan ez ezik EHF European League Europako txapelketan ere jokatzeko aukera izanen du. Gainera, Bidasoarekin jokatuko duen lehen partidetatik bat Donezteben jokatzeko aukera izanen du abuztuaren 20an, bihotz bihotzean daraman Errekaren 50. urteurrenaren harira, Suitzako Wacker Thun taldearen kontra.

Bizitza osoa eskubaloiari eman diozu. Zer azpimarratuko zenuke ibilbide horretan?

Hainbertze urte joan dira, talde bakoitzean adin ezberdina nuen… Pick Szeged izan zen lehenbiziko aldia atzerrian aritu nintzena, gazte, Europako lehenbiziko titulua… Aspaldiko kontuak dira eta buruak engainatzen gaitu, gauza onekin bakarrik oroitzen gara eta beharrik! Baina toki guztietan esperientzia politak bizitu ditut. Egia da Danimarkan gehixeago kosta zitzaidala, ongi aritu nintzen, baina arazo ekonomikoak zituen klubak eta pena pixka bat badut, han eskubaloiko kultura handia dutelako. Baina bizimodu garestia da eta kobratu gabe…

Zerekin gelditzen zara? Zer izan da onena edo gehien markatu zaituena? Eta txarrena?

Kantxan sentitu izan dudanarekin gelditzen naiz. Tituluak eta hori guzia bai, baina hori momentuan ospatzen duzu eta gero atzentzen zaizkizu. Hogei urteko karreran jendearekin bizitu dudana hor dago, egia da lagun min aunitz ez zaizkizula gelditzen, kontaktua baduzu baina bakoitzak bere bizitzarekin segitzen du. Ni ere ez naiz gibelera begira anklatzen naizena, saiatzen naiz aitzinera begiratzen eta momentua gozatzen. Txarrenari dagokionez, bi lesio larri izan ditut, biak belaun berean, kobratu gabeko urte pare hori… Une larriak izaten dira, baina errekuperatu, momentu onekin gelditu, txarrak atzendu eta aitzinera.

«Lortutako tituluak hor daude, baina momentuan ospatu eta gero atzentzen zaizkizu»

 

 

Hainbat herrialdetako eskubaloia ezagutu duzu (Espainia, Hungaria, Danimarka, Frantzia, Polonia…). Kirol bera izanik ere, zein alde daude herrialdez herrialde?

Aldatzen da, bai. Egia da orain, mundu osoa bezala, eskubaloi jokoa globalizatzen eta berdintzen ari dela. Lehen diferentzia gehiago zeuden. Adibidez, Frantziako liga arrunt fisikoa da, Espainian teknikoagoa edo taktikoagoa da, ikusteko politagoa… Danimarkan ere aldatzen da. Bundesliga ere fisikoa da, baina aukera izan nuen arren, ez naiz Alemanian aritu. Horretaz ere harro egoten ahal naiz; jokamolde denetara egokitu naiz. Nire izateko eta jokatzeko modua beti asoziatiboa da, eta horrek han eta hemen moldatzen laguntzen dit.

Espainiako selekzioarekin ere debuta egin zenuen 2016ko Europako txapelketan, baina beharbada ez duzu segida handirik izan… Zergatik?

Lau urtez izan nintzen selekzioan sartzen, ez sartzen… Egia errateko, Espainiako historiako zentral onenak hartuz gero, nire belaunaldikoak izan ziren lauzpabortz, Raul Entrerios, Cañellas, Chema Rodriguez, Ruesga, Sarmiento… Ni baino bortz-sei bat urte zaharragoak, baina sasoi onenean zeudenak, talde onetan jokatzen eta hor zaila zen sartzea. Nahikoa egin nuen! Aukera eman zidaten eta gutti aritu banintzen ere, gozatu nuen eta nire burua pribilegiatutzat hartzen dut. Nik baino jokalari hobeek ez dute aukera hori izan, batzuetan suertea ere behar da.

Munduan ibili ondotik, orain, izokina bezala, Bidasora buelta… Ilusioz? Zein helburu duzu denboraldi honetarako?

Urtebeteko kontratua egin dut, 38 urterekin hiperbeteranoa naiz. Joan den urteko irailean nire managerrak galdetu zidan zer egin nahi nuen eta nik erantzun nion inori ez deitzeko, ez nuen gogorik deika ibiltzeko eta egoera bortxatzeko. Gainera, denboraldia nola akitzen nuen ere ikusi beharra zegoen, adin honetan gorputzak nola erantzuten duen… Toulousen gelditzeko aukera banuen eta han gelditu edo etxetik hurbil nahi nuen, Bidasoan, Anaitasunan edo Errioxan. Bertzela utzi eginen dut eta fuera! Baldintzak berdin zitzaizkidan, buruak hurbiltasuna eskatzen zidan, hemen gelditu eta esperientzia hau bizi. Suertez, Bidasoaren aukera izan dut eta ez dut zalantzarik egin. Julen Aginagalderi erran nion entrenatzailearekin solastatzeko eta, berak nahi baninduen, ni prest nintzela. Garbi nuen eta norberak garbi duenean, eta klubak ere idea hori baldin badu, gauzak errazak dira. Ni ez naiz deus eskatzera heldu, ni urte bat gehiago aritu eta esperientzia hau bizitu nahi nuen. 2012an martxa egin nuen eta hamabortz urtez kanpoan aritu eta hemen berriz aritu gabe erretiratu behar dut? Arantzatxo horrekin ezin nuen gelditu. 

2026-2027 denboraldiko Bidasoa Irun eskubaloi taldearen aurkezpena, ortzegunean Irungo Artaleku kiroldegian. Niko Mindegoa goitian, ezkerretik hasita lehena.

 

«Fisikoki ongi nago, etxetik 20 minutura Bidasoaren aukera izan dut eta ez dut zalantzarik egin»

Europa mailako konpetizioa jokatzen segitzeko aukera ere izanen duzu, 38 urterekin…

Ni ez naiz gelditzen eta ekainean solastatu nuen Nacho Torrescusarekin, Bidasoa klubeko eta Espainiako selekzioko prestatzailearekin, udan prestakuntzarekin segitzeko eta entrenatzen ari naiz gogotsu. Gimnasio aunitz sartzera ohitua nago eta mantentzeko behar beharrezkoa dut, gero, urritik aitzinera, ongi aritzeko. Bidasoa Europan ari da eta hor ezin zara denborapasa ibili. Hamazazpi urtez aritu naiz Europako konpetizioetan, hori da nire karreran egin dudan gauzarik zailena, eta badakit zer den hori. Baina fisikoki joan den urtean baino hobekiago nago. 

Bidasoa, Hendaia eta Errekaren artean halako hitzarmen bat ere bada eskubaloia sustatzeko… Zer iruditzen zaizu? Zure irudia ere garrantzitsua izan daiteke horretarako?

Ez dakit nola egiten duten zehazki, baina herrietara joaten dira eta mugitzen ari dira. Hori lana da eta ari dira fundamentua egiten. Hemen futbolarekin zaila dugu, umeek telebistan ikusten dutena egiten dute, normala den bezala. Baina Bidasoak lan hori ere beharrezkoa du, harrobitik atera jendea eta hortik tiratu, hori izan da beti bere esentzia. Nik ere, zerbaitetan laguntzen ahal badut eskubaloia zabaltzeko bide horretan, ni kontent!

«Ikusle bezala gustatzen zait Erreka segitzea eta aurtengoa urte magikoa izan da»

Badakit harreman handia duzula Errekarekin, harrobiko jokalaria, aita jokalari, entrenatzaile eta bultzatzaile historikoa, anaia lehen aldiz maila nazionalera igo den taldeko entrenatzaile… Nola ikusi duzu aurtengo denboraldi historiko hau eta, orokorrean, Errekaren ibilbidea, aurten 50 urte bete dituen honetan?

Urte magikoa izan da. Nik hurbil-hurbiletik segitu dut, anaia eta aita hor dabiltza egun guzia, nik ere neskak entrenatu nituen duela hiru urte. Espektadore bezala gustatzen zait Erreka segitzea, ez naiz sobera sartzen. Ez naiz entrenatzailea eta ez dut ikusten nire burua anaiari aholkuak ematen, berak nik baino gehiago daki eta. Afizionatu bezala gozatzen dut, gainera, pertsonalki, zuzenean ikusteko eskubaloi amateurra gehiago gustatzen zait profesionala baino. Profesionalok, azkenean, dena egiten dugu igualtsu. 

«Zuzenean ikusteko eskubaloi amateurra gehiago gustatzen zait profesionala baino»

 

«Herritarrak lagun bihurtzeko gaitasuna. Herritarrekin konektatzeko bidea. Birikak eta babesa». Hitz horiek eskaini zenizkion Errekari, elkartearen egun batean…

Hori erran nuen? Erran izanen nuen bai, ez naiz oroitzen, baina hori da Errekaren definizioa. Urtero demostratzen da. Lanagatik edo ikasketengatik edo dena delakoagatik kanpora joan den jendea Doneztebera bueltatu eta galdua egon daiteke, lagunekin kontaktoa galdua, baina Erreka beti hor dago. Eta ez da eskubaloia bakarrik, mota guzietako jendea biltzen du Errekak eta niretzat hori da kirol eta kultur elkarte bat. 

Bertzerik? 

Hemendik aitzinera gehixeago ikusiko dugu elkar. Ni gozatzen ari naiz, esperientzia hau bizituko dugu eta gero gerokoak!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun