Bestak 2026

[ARGAZKIAK] Giro bikainean eta beroan joan dira Iturengo bestak

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 22a

Aurtengo Iturengo bestak ederki joan dira. Aloña eta Alaitz Aioroa Goñi ahizpa kirolariek (futbolaria Aloña, pilotaria Alaitz) txupinazoa bota ondotik, lau egunez besta giroan murgildu zen herria. Egunez egun egitarau zabala izan da.

Aloña eta Alaitz Aioroa Goñi ahizpa kirolariek botatako txupinazoaren ondotik lau eguneko besta ederrak izan dituzte

Goizetik gauerako ordu ttikiak arte, herritar eta kanpotik etorritako guzientzat. Gustura aritu dira parte hartzen. Azpimarratuko ditugu haurrentzako herri kirolak, krosa, ginkana, gran prixa, bazkaria… ekitaldi ugari eta denetan gustura pasa zuten. Helduentzako aukera zabala ere izan zen, eta horien artean urtero arrakasta izaten dutenak mus txapelketa eta plater tiroketa lehiaketa dira.

Mus txapelketa eta plater tiroketa

Musean Herriko Ostatuko freskuran bikote aunitz aritu ziren. Honela geratu ziren:

  1. Iñigo Iparragirre eta David Perurena
  2. Nahiel eta Alvaro Mikelarena
  3. Martzelo Altxu eta Juan Miguel Benito.

Larunbat goizean plater tiroketan 21 herritar animatu ziren. Honela gelditu zen sailkapena:

  1. smael Elizalde
  2. Iñaki Iriarte
  3. Joxe Ariztegi
  4. Isidro Bazterrika
  5. Asier Apeztegia

169 lagun herri bazkarian

Otorduek ere bere garrantzia eduki dute, zopetan ostatua bete zen eta herri bazkarian 169 lagun elkartu ziren. Ez dugu aipatu gabe utziko ilunabarrean ere paella jatera eta zingar jatera hurbildu zela jendea. Dantzan ere gustura aritu da jendea erromerietan. Dantzaldietan bakarrik ez, herriko dantzariek beraien saio bikaina eskaini zuten.

Bestei akabaila emateko, igande arratsaldean herri kirol erakustaldi ederraz gozatu zuten hurbildu zirenek. Alde batetik aizkolariak eta bertzetik Estefi Etxebeste eta Udane Perurena herriko harri altxatzaileak. Elutsa txarangaren doinuekin akitu ziren aurtengo bestak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun